BIKTIMEN AITORTZA
Polizia gehiegikerien biktimen legea uztailean desblokea daiteke
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Legebiltzarrak 2016an onartu zuen legea, baina Auzitegi Konstituzionalak behin-behinean bertan behera utzi zituen hainbat artikulu, Mariano Rajoyren Gobernuak jarritako helegite baten ondotik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua hil honetan bertan ahaleginduko dira Eusko Legebiltzarrak 2016ean onartu eta Auzitegi Konstituzionalak behin-behinean bertan behera utzi zuen polizia gehiegikerien biktimen legea desblokeatzen.
Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari berrian eman du gaur albistea, Iñigo Urkullu lehendakariarekin Lehendakaritzan batzarra egin ondoren.
Amaieran Lozak azaldu duenez, batzarrean hainbat gai izan dituzte mahai gainean: migrazioa, presoen gerturatzea eta 1978tik 1999ra bitartean EAEn izandako polizia-abusuen biktimak aintzat hartu nahi ditu legea, etab.
Rajoyren Gobernuak legearen kontrako errekurtsoa aurkeztu zuen, besteak beste, biktima nor den eta nor ez den ebaztea auzitegien eskumena dela iritzita.
Eusko Jaurlaritzaren esanetan, ostera, legeak nazioarteko zuzenbidea eta Konstituzioa errespetatzen ditu. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzak horretarako eskumena duela azpimarratu du.
Lozak aurreratu duenez, Pedro Sanchezen Gobernuak zein Jaurlaritzak legea desblokeatzeko beharra ikusten dute, "biktimak gogoan"; izan ere, legea geldiarazita dagoen bitartean ezin dira aitortu ezta erreparatu ere. Ahal dela, hilabete honetan bertan konponbide bat aurkitzekotan gelditu dira bi aldeak, helegitea erretiratzeko formularen bat bilatuta.