Itxi

Barne-hauteskundeak

Saenz de Santamariak lehen itzulia irabazi eta Casado izango du aurkari

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuaren presidenteorde ohiak 21.500 bat boto lortu ditu (% 37), ondoren Casadok 19.000 boz eskuratu ditu (% 34), eta Maria Dolores de Cospedalek 15.000 (% 26).

Your browser doesn’t support HTML5 video

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuaren presidenteorde ohiak garaipena lortu du PPko barne-hauteskundeen lehen itzulian. Horrela, Pablo Casado alderdikidearekin batera bigarren itzulian izango da. Bien artean 1.600 botoko aldea izan da, Alderdi Popularreko iturriek jakitera eman dutenez.

Maria Dolores de Cospedal PPko idazkaria nagusia lehiatik kanpo geratu da, ostegun honetako bozketan hirugarren sailkatu ondoren.

Bozen % 100 zenbatuta, Saenz de Santamariak 21.500 bat boto lortu ditu (% 37), ondoren Casadok 19.000 boz eskuratu ditu (% 34) eta Maria Dolores de Cospedalek 15.000 (% 26).

Jose Manuel Garcia-Margallok 680 boto lortu ditu. Jose Ramon Garcia Hernandez 668 boz eskuratu ditu. Azkena Elio Cabanes izan da, 185 afiliatuk soilik babesa eman diote. Guztira, 58.305 boto izan dira: erroldaren % 87.

Saenz de Santamariak bere hautagaitzarekin bat egitea proposatu dio Pablo Casadori, 15 egun barru egitekoa den kongresuan proiektu bakarra aurkezteko eta, horretarako, "eskuzabaltasuna" eskaini dio.

Argazkia: EFE

"Nire ustean, militantziak bateratze eta batasunaren aldeko ahalegina egitea merezi du, eta nik egingo dut", esan du, Casadoren adierazpenak entzun eta gero (bera bi itzuliak egitearen alde agertu da, arauak bete egin behar direla argudiatuta).

Gaienera, primarioetan aurkeztutako gainerakoekin ere lan egitea nahi duela esan du Santamariak, baita Maria Dolores de Cospedalekin ere, horren hautagaitzan balio handiko pertsonak daudela uste duelako.

Argazkia: EFE

Bestalde, Casado pozik agertu da primarioetan jasotako babesarekin eta, azpimarratu duenez, emaitza "parekatua" jaso dute Soraya Saenz de Santamariak eta berak, eta hori PPren kongresuan ebatzi beharko dela, zerrenda bakarra adosteko aukera alde batera utzita. "Horiek dira adostu ditugun arauak", nabarmendu du.

PPren egoitzan emaitzak ezagutu ostean emandako prentsaurrekoan, lehen itzulian kanpoan geratu diren hautagaiei bere zerrendarekin bat egitea eskatu die, bereziki Maria Dolores de Cospedal idazkari nagusiari, milaka eta milaka afiliatu eta lurralde mailako organizazio asko ordezkatzen baititu.

Casadok esan du oso emaitza parekatua izan dutela, hori dela eta, bere hautagaitza "bukaeraraino" heltzea nahi du. Gainera, berak ordezkatzen duen zerrendan "guztiek lekua" dutela adierazi eta gero, erantsi du tentsio handiko 15 egun geratzen direla "PPren etorkizuna" erabakiko duen kongresua egin arte.

Argazkia: EFE

Azkenik, Maria Dolores de Cospedal PPren idazkari nagusiak uko egin dio uztaileko ezohiko kongresuan erabakitzen den edozein karguri, baina bere hautagaitza aintzat hartzea eta berak jasotako babesaren % 26k ordezkaritza izatea eskatu du.

Cospedalen hitzetan, kongresua dela eta, "ez da inor" kanpoan geratu behar, are gutxiago bere hautagaitzak jasotako % 26a.

Era berean, kongresuko bigarren itzulira begira "hausnarketa aro bat" irekiko duela adierazi du, baina ez du argitu zerrenda bakarraren aldekoa ote den.

Saenz de Santamariak lehen itzulia irabazi du Euskadin. Alderdikideen botoen % 55,32 (312) lortu ditu. Ondoren Pablo Casadok bozen % 21,99 (124) eskuratu ditu EAEn.

Pablo Casado PPko Komunikazio idazkariorde ohiak, ordea, garaipena erdietsi du Nafarroan. Cospedal bigarren sailkatu da Foru Erkidegoan, eta Saenz de Santamaria hirugarren.

Konkretuki, Pablo Casadok alderdikide nafarren 80 boto jaso ditu, Maria Dolores de Cospedalek 51 eta Soraya Saenz de Santamariak 39.

Albisteak (4)

Bideoak (1)