Itxi

Borroka PPren barruan

Cospedalek Casado babestu du PP zuzentzeko 'aukera bikaina' dela argudiatuta

Agentzia | Erredakzioa

Leer en Castellano

PPren idazkari nagusia Casadoren ekitaldi batean azaldu da. Hautagaiak iragarri duenez, irabazten badu Saenz de Santamaria bere zerrendan sartuko du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Maria Dolores de Cospedal PPren idazkari nagusiak egin du hautua. Pablo Casado babestu du PP zuzentzeko "aukera bikaina" eta "Espainiaren eta espainiarren alde, alderdi indartsu eta batu bat lortzeko" gai dela nabarmenduta.

Casadok gosari informatibo batean parte hartu du Madrilen, eta harekin agertu da Cospedal, babes esplizitua emanez.

Idazkari nagusiaz gain, Rafael Catala Justizia ministro ohia, Angel Garrido Madrilgo erkidegoko presidentea eta Javier Maroto eta Andrea Levy PPko idazkariordeak izan dira ekitaldian.

"Hemen nago PPk proiektu ilusionagarri eta etorkizuneko bat eskaini behar dielako boto-emaileei. Espainiaren eta espainiarren alde borroka egiteko alderdi indartsu eta batu bat behar dugu. Uste dut Pablo Casado aukera bikaina dela horretarako", esan du Cospedalek.

Casado: "Irabazten badut, Saenz de Santamaria nire zerrendan sartuko dut"

Agerraldian PP zuzentzeko hautagaiak iragarri duenez, barne-haustekundeak irabazten baditu Soraya Saenz de Santamaria aurkaria bere zerrendan sartuko du. "Kide paregabea da, ezinbestekoa PPren etorkizunarentzat", esan du.

Saenz de Santamariak irabaziko balu, berriz, haren kontrako "barne ildorik" bultzatuko ez duela argitu du.

Gaur babesa ematera joandako Cospedal ere hartu du ahotan Casadok, eta lausenguak bota dizkio. PPren Komunikazio idazkariordearen hitzetan, Cospedalekin "ideiak eta balioak" partekatzen ditu.

 

Albisteak (2)

Bideoak (1)