KATALUNIA
ERCk irabaziko lituzke hauteskundeak eta independentismoak gehiengoa handituko luke
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
CEO Iritzi Ikerketetarako Zentroak egindako azken barometroaren arabera, alderdi errepublikarrak botoen % 24 eskuratuko luke, Ciutadansen (% 21,4) eta JxCat-en (% 17,9) aurretik.
Orain Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak egingo balira ERC izango litzateke lehen indarra botoen % 24 eskuratuta (35-37 eserleku), Ciutadans (C's) eta JxCat-en aurretik, CEO Iritzi Ikerketetarako Zentroak egindako azken barometroaren arabera.
Alderdi independentistek (ERC, JxCat eta CUP) Parlamentuan duten gehiengoa areagotuko lukete; izan ere, guztien artean 70 eta 76 aulki artean izango lituzkete. Ciutadans litzateke bigarrena botoen % 21,4 lortuta (29 eta 30 eserleku artean) eta Junts per Catalunya (JxCat), ostera, hirugarrena litzateke botoen % 17,9 eta 27-29 eserlekurekin. PSCk botoen % 15,5 bereganatuko luke (19-21 aulki), Catcomu-Podem koalizioak % 7,8 (8-10 aulki), CUPek botoen % 7 (8-10 aulki) eta PPk, azkenik, % 3,8 (3-4 aulki).
Jordi Argelaguet CEOko zuzendariak eman ditu ostiral honetan azken barometroaren inguruko xehetasunak, prentsaurrean. Azaldu duenez, 1.500 elkarrizketa egin dituzte ekainaren 23tik uztailaren 14ra bitartean. JxCat-en jaitsieraz galdetuta, Carles Puigdemont buruzagia atzerrian egon izanak eta presentzia mediatikoa galdu izanak eragina izan duela uste du.
ERC eta JxCat-en arteko aldea "handiagotu" egingo litzateke, independentismoaren barruko indar korrelazioa aldatuz.
Buruzagi politikoez galdetuta, Oriol Junqueras ERCko presidentea da galdeketan parte hartu duten kataluniarren artean puntuazio altuena lortu duena: 6,16. Carles Puigdemontek doi-doi lortu du bosteko marra gainditzea (5,01) eta Quim Torra egungo Generalitateko presidenteak, berriz, ez da bostera iritsi (4,89).