Katalunia
Jordi Sanchez: 'Pedro Sanchezek proposatutako Estatutua ez da konponbidea'
Agentziak | Erredakzioa
Hala ere, Espainiako Gobernuko presidenteak Kataluniako “gatazka politikoa onartu” izana eskertu du ANCko presidente ohiak.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Kataluniako “gatazka politikoa onartu” izana eskertu du gaur Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak, baina proposatu duen Estatutuak “zentzurik ez” duela erantsi du. “Iraganeko kontua da, eta ez da konponbidea”, azpimarratu du.
Gatazka politikoaren aitortza elkarrizketarako oinarria dela goraipatu du Sanchezek El Pais egunkarian. ANCko presidente ohiaren hitzetan, Mariano Rajoy aurreko gobernuburuak 2012an edo 2013an gatazka politikoa onartu izan balu, ez lirateke gaurko egoerara iritsiko.
Hala ere, Espainiako Gobernuko presidente berriaren proposamenak zentzurik ez duela zehaztu du, erkidegoen Espainiak “kristalezko sabai bat duelako” eta “ez du gehiagorako ematen”.
“2006koarekin alderatuta, zer ezberdintasun izan dezake Estatutu batek? Konstituzioa erreformatzeko bere proposamenak zentzu gutxi du. Eta Gainera: ezezkoak irabazten baldin badu? Nik ezetz bozkatuko nuke, adibidez. Gatazkak bere horretan jarraituko luke”, argudiatu du JxCateko diputatuak.
Fiskaltzak bere jarrera aldatzen ez baldin badu, Espainiako Gobernuko presidentearen eta Quim Torra Generalitateko presidentearen arteko elkarrizketa “zailagoa” izango da.
Sanchez urriaren 16az geroztik badaezpadako espetxean dago. Urriaren 1eko erreferendumaren defentsan irmo jarraitzen du presoak: “agindu politiko moral oso handia da, nahiz eta legezkoa ez izan”. Kataluniarren arteko gatazkarik ez dagoela esan du. Hala ere, “noizean behin tentsioak daude”, onartu du.