Justizia
Alonsotegiko beste alkate jeltzale ohi bat salatu du Fiskaltzak, iruzurra leporatuta
agentziak | erredakzioa
Fiskaltzaren arabera, Jose Luis Erezumak eta beste bost lagunek "mesede ekonomikoa" egin zioten enpresa bati, "existitzen ez ziren kalte batzuengatik" ordainduta.
Jose Luis Erezuma Alonsotegiko alkate jeltzale ohiaren eta beste bost lagunen aurka Fiskaltzak aurkeztutako salaketaren ostean, Barakaldoko Instrukziozko 4. Epaitegiak aurretiazko izapideak abiatu ditu, dirua bidegabe erabiltzea, iruzurra, prebarikazioa eta dokumentu ofizialean iruzurra delituak egotzita.
Joan den maiatzean Fiskaltzak aurkeztutako salaketaren arabera, Jose Luis Erezuma eta beste bost lagunak ados jarri ziren enpresa bati "mesede ekonomikoa" egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiko diru-laguntzak erabilita. "Existitzen ez ziren kalte batzuk" konpontzeagatik faktura batzuk ordaindu zizkioten enpresa horri, Alonsotegiko Udalaren bitartez.
Atzo bertan ezagutu da Alonsotegiko beste bi alkate jeltzale ohi auzipetuko dituztela Barakaldoko epaitegi batean (Gabino Martinez de Arenaza eta Aitor Santisteban), beste lau lagunekin batera, dirua bidegabe erabiltzeagatik, iruzurra egiteagatik eta influentzia-trafikoagatik, besteak beste.
Bizkaiko Fiskaltzak orain egindako auzi berri honetan gogoratu du Jose Luiz Erezuma Alonsotegiko alkatea izan zela 2011 eta 2015 artean, eta laguntza teknikorako kontratu txiki bat sinatu zuela salatutako beste lagun batekin batera.
2011ko azaroaren 4 eta 6 artean euriteak izan diren Alonsotegin, eta Udalak diru-laguntzak eskatu zizkion Bizkaiko Foru Aldundiari Bilbo-Balmaseda errepidearen euste-hormaren "premiazko konponketarako". Fiskaltzak zehaztu duenez, Udalak 600.000 euro jaso zituen.
Fiskaltzak uste du salatutako lagunak ados jarri zirela "Alberto Zulueta Goienechea, Juan Torrontegi Legarreta eta Laneder Construcciones enpresari onura ekonomikoak emateko, legez kanpoko ordainketa horren bidez, Bizkaiko Aldundiaren dirua erabilita, eta benetako eduki ekonomikorik gabeko fakturak igorrita".