Sanchez, presidente
PSOE izango litzateke indar bozkatuena, CISen azken inkestaren arabera
Agentzia | Erredakzioa
Boto-asmoan % 29,9ra igoko lirateke sozialistak, PP eta Ciudadanos atzean utzita. Azken biek behera egingo lukete, antzeko babesa lortuta (botoen % 20,4).
Pedro Sanchez Espainiako presidente bihurtu izanak irauli egin du boto-asmoa. Uztailean egindako CIS inkestaren arabera, Espainiako hauteskundeak gaur egingo balira, PSOE izango litzateke indar bozkatuena, botoen % 29,9 jasota eta PPri eta Ciudadanosi ia 10 puntuko aldea aterata.
Apirileko galdeketaren datuekin alderatuta, ia zortzi puntu egin dute gora sozialistek boto-asmoan. PPk lau puntu galdu ditu, eta Ciudadanosek, bi. % 20,4ko babesa jasoko lukete biek.
Podemosek ere behera egin luke (lau puntu), eta botoen % 15,6 eskuratuko lituzke.
Inkestak ez du kontuan hartu PPren zuzendaritza berria, galdeketa uztailaren 1etik 10era egin zelako, Pablo Casado hautagai soila zenean.
Boto zuzenean (soziologoen osteko kalkulurik gabekoa) are handiagoak dira Alderdi Sozialistaren igoera eta gainerako indarrekiko aldea.
Hori horrela, herritarren % 23,9k diote sozialisten alde egingo dutela hurrengo hauteskundeetan (apirilean baino 10,4 puntu gehiago). Sanchezen alderdiak 12,6 puntuko aldea aterako lioke Ciudadanosi (% 11,3), eta 13,7 puntukoa, PPri (% 10,2). Bi alderdi hori botoa emango diotela dioten herritarrek behera egin dute: Ciudadanosek 4,8 puntu galduko lituzke, eta PPk, 1,9.
Kataluniako eta EAEko alderdiak
Gainerakoan, honako emaitzak aurreikusi ditu inkestak. Alderdi katalanei dagokienez, ERCk bederatzi puntu egingo luke gora (botoen % 3,9), eta PDeCATek, lau puntu behera (% 1,3). Euskal alderdien artean, jeltzaleek apur bat galduko lukete (botoen % 1,2 eskuratuko lituzkete), eta EH Bilduk egun duen babesari eutsiko lioke.