Lekualdaketa
Altsasuko bi gazte Soto del Realetik Zaballara dakartzate jada
EITB.EUS
Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Soto del Real espetxetik atera direla baieztatu dio familiak Euskadi Irratiari. Ez dago jakiterik noiz iritsiko diren Zaballara, ezta zer gertatuko den besteekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea, 'Altsasu kasua' delakoagatik espetxeratutako zazpi gazteetatik bi Soto del Real espetxetik atera direla baieztatu dio familiak Euskadi Irratiari. Madrilgo kartzelatik irten eta Arabako Zaballa espetxera bidean dira, beraz.
Senideek jakitera eman dutenez, baina, ez dakite noiz iritsiko diren Zaballara.
Era berean, ez dakite zer gertatuko den beste bost gazteekin, horiek ere Euskal Herriko espetxeren batera lekualdatuko dituzten edo ez.
Atzo gauean jakin zen bi gazte horien lekualdatzearen albistea. Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxeari bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak taberna batean bi guardia zibilei eta haien bikotekideei eraso egitea egotzita.
Beste bostei ere bederatzi eta 13 urte bitarteko kartzela-zigorrak ezarri zizkieten. Altsasuko gazteen gurasoek helegitea jarri zuten, zigorrak "neurriz kanpokoak" zirelako.