LEHENDAKARIARI ELKARRIZKETA
Urkullu: 'Orain arte autogobernuaren inguruan adostutako guztia aztertuko da'
RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA
Lehendakariaren iritziz, beharrezkoa da beste alderdi politiko batzuk ere autogobernuari buruz lorturiko akordiora batzea. Bestalde, preso dauden politikari kataluniarrak aske uztea aldarrikatu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, EAJk eta EH Bilduk estatutu berriaren inguruan lorturiko akordioa zabaltzeko ahaleginak merezi du. Are gehiago, "ahalik eta adostasun zabalena lortzea eskertuko luke euskal gizarteak", gaineratu du.
Estatutu berriari lotuta, lehendakariak ezinbestekotzat jo du testu berria bideragarria izatea: "Erabaki egin behar dugu dena edo ezer ez aukeratu. Biderik egingo ez duen testu batekin gelditu nahi badugu, baditugu lehendik ere testuak".
Isabel Celaak egindako ohartarazpenaren harira, Urkulluk ukatu egin du Espainiako Gobernutik egungo testuaren bideragarritasunari buruzko ohartarazpenik egin izana. Espainiako Gobernuko bozeramaileak asteburuan esan duenez, "estatus berriaren proposamenak ez luke Diputatuen Kongresuaren argi berdea jasoko". Edozein kasutan, autogobernua berritzeko lanak oraindik lehen fasean daudela zehaztu du Urkulluk.
Orain arte lortutako akordioarekin gustura ote dagoen galdetuta, berriz, "ni neu eroso nago", erantzun du, baina lehendakari gisa euskal gizartearen gehiengoa ordezkatzen duela nabarmendu du. Urkulluren hitzetan, egungo ordenamendu juridikoa aldatu gabe eguneratu daiteke autogobernua: "Ez da beharrezkoa Konstituzioa berritzea".
Dena dela, Gernikako Estatutua betetzeko beharrean jarri du azpimarra: "Transferitu gabe dauden eskumenak betetzearen alde bozkatu zuen Eusko Legebiltzarrak. Pedro Sanchezek gogoan izan behar du hori. Lanerako egutegi bat osatzeko aukera du".
Kartzela politikaren inguruan ere hitz egin du lehendakariak, eta pausoak emateko deia egin die presoei "aldaketak posible izan daitezen". Presoen gerturatzeaz galdetuta, Espainiako Gobernuak esandakoa gogoratu du, hots, emandako pausoak Mariano Rajoyren Gobernuak egindako planteamendu berdinetatik egin direla, betiere, legediaren barruan.
2019ko Aurrekontuei begira, zalantzan jarri du Alderdi Popularrak orain arte erakutsitako jarrera: "Iazko Aurrekontuen inguruko akordioa egon bazen, orain zergatik ezin da gai horretaz hitz egin? Negoziatu nahi ez badute, kontuak luzatu egin beharko dira. Ez litzateke dramatikoa izango". EH Bilduk Aurrekontuak babesteko eskua luzatu dio Eusko Jaurlaritzari, baldin eta bide orri soberanista bat adostuz gero. Eskaintza horren harira, honakoa esan du lehendakariak: "Eraikitzeko ez dago ezer hautsi beharrik".
Kataluniako auzian, Oriol Junquerasi espetxean egindako bisita dela-eta sortutako polemika ere izan du hizpide. Lehendakariaren iritziz, bere adierazpenak gaizki erabili dituzte. "Bederatzi hilabetez behin-behineko espetxealdian egon ostean, Kataluniako egoera baretzeko garaia da. Ona litzateke presoak kalean egotea", aldarrikatu du.
Ekonomia alorrari dagokionez, desazelerazio zantzuak daudela onartu du, eta Euskadik etor litekeenaren aurrean prest egon behar duela gaineratu du. Enplegu datuak gora doazela-eta, baikor mintzatu da. Zehazki, langabezia % 10etik behera jaitsiko dela uste du, baina enpleguak kalitatezkoa izan behar duela erantsi du.
Bestalde, erakundeek Europara bidean udan Euskadira iritsitako migratzaileei harrera egiteko egindako lana goraipatu du. Aitzitik, Espainiako Gobernuak ez diola Jaurlaritzari migratzaileen inguruko nahikoa informazio eman eta desorekak egon direla onartu du. Hala ere, eta zer hobetu badagoela aitortuta ere, Jaurlaritzaren erantzuna "ordenatua" izan dela azpimarratu du. Gai horri lotuta, Europari migrazio politika bateratua eskatzeko beharra azpimarratu du.
Azkenik, Osakidetzako lan eskaintza publikoan salatutako irregulartasunak direla-eta, Eusko Jaurlaritzaren helburua prozesua berme guztiekin amaitzea eta aztertzaile guztiak baldintza berdinetan aritzen direla bermatzea dela esan du. Horren harian, Jon Darpon sailburuak Eusko Legebiltzarrean beste agerraldi bat egingo duela aurreratu du.