Itxi

Manifestazioa Donostian

Kalera Kalerak manifestazioa deitu du Donostian, presoak aska ditzatela eskatzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Agintari politikoek egindako adierazpenek "itxaropen faltsuak" piztu dituztela iritzita, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea dela azpimarratu du Kalera Kalerak. Manifestazioa igandean izango da.

Kalera Kaleraren agerraldia Donostian. Argazkia: Sortu

Euskal presoen auzia konponbidean jartzeko agintari politikoek azkenaldian egindako adierazpenak "hitz hutsak" baino ez direla eta gizartean "itxaropen faltsuak" piztu dituela uste du Kalera Kalera dinamikak. Hori dela eta, espetxe-politika aldatzeko "ekintza zehatzak" aldarrikatu ditu.

Hala ohartarazi dute Olaia Martinek (Ernai) eta Haimar Altunak (Sortu) gaur eguerdian Donostian egin duten agerraldian, eta Kalera Kalera dinamikak Donostian antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Presoen aldeko mobilizazioa datorren igandean izango da, 13:30ean.

Agerraldian, euskal presoentzako "konponbide duina eta zentzuzkoa" eskatu dute. "Euskal Herrian gehiengo soziala, politikoa, sindikala eta instituzionala espetxe-politikaren aldaketa eskatzen ari dira, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespeneko neurriak bertan behera utzita", gogoratu dute.

"Espainiako erregimena eroso dago gorrotoan eta mendekuan oinarritutako espetxe-politika aplikatzen, eskuin muturreko alderdien eta sektore ultraeskuindarren esanetara, eta presiorik egin ezean euskal gizartearen gehiengoaren borondateari entzungor egingo dio", ohartarazi dute.

Kalera Kalerak ohartarazi du Espainiako Gobernuak eta Estatuko estamentuek ez dutela ezer egingo presoen auzia konpontzeko, "euskal gizarteak ezer egiten ez duen bitartean". Horrenbestez, ezinbestekotzat jo du mobilizatzea, kalera ateratzea eta gizarteak presio egitea, "presorik gabeko herri bat izateko eta sufrimenduarekin amaitzeko".

"Gatazkaren ondorioei soluziorik ematen ez badiegu, ezinezkoa izango da bakean eta bizikidetzan aurrera egitea", erantsi du. Gauzak horrela, Kalera Kalerak premiazko urratsak zeintzuk izango liratekeen zehaztu du: presoak Euskal Herrira hurbiltzea, gaixotasun larriak dituztenak askatzea, zigorrak batzea eta graduz aldatzeko aukera bermatzea.

"Orain gogor aritu behar gara arraunean, arerioak ziaboga lehenbailehen egin dezan. Ipar Euskal Herrian adostasunaren eta mobilizazio sozialaren bidetik Frantziako Gobernuaren jarrera aldatzea lortu zuten. Orain Espainiako Gobernua mugiarazi behar dugu", nabarmendu dute.

Albisteak (4)