Itxi

Bilera Moncloan

BEZaren jaitsiera iragarri eta urrian aurrekontuak izatea espero du Iglesiasek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin “harreman ona” sumatu du Podemoseko idazkari nagusiak ostegun honetako bileran.

Pedro Sanchezek Pablo Iglesias hartu du Moncloa jauregian. Argazkia: EFE

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia “baikor” agertu da, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin “harreman ona” izan duelako bilera batean. Estatuko aurrekontu orokorren inguruko akordioa urrian adostea espero du koalizio moreko buruzagiak.

Exekutiboko presidenteak eta Podemoseko agintariak bi ordu baino gehiago eman dituzte Moncloa jauregian bilduta. “Harreman ona” izan dutela uste du Iglesiasek. “Ez dut asmorik iragarri nahi, akordioak baizik. Baikor naiz eta harreman ona sumatu dut”, nabarmendu du.

Zentzu horretan, urrian kontu publikoen inguruko akordioa adostea espero du Iglesiasek. “Fidatzen naiz, baina ez da konfiantza kontu bat, indarren arteko korrelazioa baizik. Baikor nago. Akordioak baldin badaude, bazkideak izango gara eta aurrekontuak izango ditugu. Gaur onak diren akordio ugari aurkeztu ditugu, baina azkenera arte eserita bagaude ez da fidatzen garelako izango, elkar ulertzera behartuta dauden eta diputatu asko dituzten talde batzuen buruzagiak garelako baizik. Beste talde batzuekin negoziatu beharko da”, azaldu du.

Hala eta guztiz ere, Podemoseko buruzagiaren hitzetan, Moncloako bilerak jarrerak hurbiltzeko eta akordio batzuetara heltzeko balio izan du. Besteak beste, autonomoei zergak eta “jende xumeenari” oinarrizko beharretarako produktuen BEZa jaitsiko dizkiete.