Kartzela politika
Euskal Herrian dira Altsasuko auziko preso guztiak
eitb.eus
Gaur iritsi Jokin Unamuno Zaballako espetxera, Euskal Herriratzeko geratzen zen azkena. Gurasoek prentsaurrekoa emango dute bihar.
Altsasuko auzian preso sartutako guztiak Euskal Herriko kartzeletan dira jada, Zaballan (Araba) eta Iruñean hain zuzen ere, gazteen gurasoek jakitera eman dutenez.
Jokin Unamuno Altsasun Guardia Zibilekin izandako liskarragatik preso dagoen gaztea izan da azkena Estremeratik (Madril) Zaballara (Araba) gerturatzen.
Estremerako preso bati esker jakin omen dute lekualdatzen ari zirela, eta ordu batzuk geroago esan diete dagoeneko Zaballako espetxean dagoela Unamuno. Baina Unamunok Iruñeko espetxean sartzea eskatu zuen, eta gurasoei azaldu diete "akats administratibo batengatik edo" eraman dutela azkenean Arabara. "Surrealista" jo dute egoera gurasoek.
Nos han informado de que Jokin ha sido trasladado a Zaballa #Gasteiz a pesar de haber pedido como destino #Pamplona. La explicación que hemos recibido al respecto es que "se debe a un error administrativo o una confusión con los papeles del traslado" Surrealista.#AltsasukoakASKE
— Altsasu gurasoak (@Altsasugurasoak) 7 de septiembre de 2018
Aurreko ostiralean, Oihan Arnanz eta Iñaki Abad hasi ziren lekualdatzen, eta gaur baieztatu dute Zaballan eta Iruñean daudela. Bestalde, jakina zen Julen Goikoetxea, Adur Ramirez de Alda, Aratz Urrizola eta Jon Ander Cobo Euskal Herriko espetxeetan daudela (Zaballan eta Iruñean).
Gurasoek prentsaurrekoa emango dute bihar goizean Iruñean lekualdatzeen inguruko iritzia eta xehetasunak emateko.
Bihar 11:30tan Iruñako @katakrak54 espazioan prentsaurreko bat egingo dugu gure semeen gerturatze prozesuari buruz azalpenak eta balorazioak emateko. #Iruñea #Nafarroa #AltsasukoakASKE @berria @AhotsaInfo @HamaikaTb @guaixe @euskaltelebista @fm983irratia @euskadi_irratia
— Altsasu gurasoak (@Altsasugurasoak) 7 de septiembre de 2018
Espetxe Zuzendaritzak aurreko hilean iragarri zuen lekualdatuko zituztela, baina ez zuen jakitera eman nora eramango zituzten.
Auzitegi Nazionalak 2 eta 13 urte arteko kartzela-zigorra ezarri zien Altsasuko 8 gazteri, 2016ko urrian bi guardia zibilekin izandako liskarragatik. Zazpi espetxean daude, eta zortzigarrena, Ainara Urkijo, kalean dago, 2 urteko zigorra ezarri ziotelako.