Presoen hurbilketa
Sareren urriaren 20ko manifestazioa Bilbotik Donostiara lekualdatu dute
Agentziak | Erredakzioa
Presoak hurbiltzearen aldeko martxa aurreikusitako datan egingo dute, baina Donostiara eraman behar izan dute, Bilbao Night Marathon egun berean izango delako.
ETAko presoak hurbiltzearen aldeko manifestazioa, urriaren 20an, lekuz aldatu dute, Bilbotik Donostiara, egun berean Bizkaiko hiriburuan Bilbao Night Marathon lasterketa egingo dutelako. 'Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea. Orain Presoak' izango da goiburua.
Barne Sailak ohartarazi dienez, "bi ekitaldiak bateraezinak dira, Bilbo hiri osoa moztu beharko genukeelako eta guztiok ikusten dugu horrek arazo larriak eragin ditzakeela".
Horregatik, "arazoa benetan pisutsua dela ulertuta, Sarek deitutako manifestazioa Donostiara eraman dute, "data eta helburuak" mantenduta.
Gainera, herritarrei parte hartzeko deia egin diete, "aspaldidanik espero dugun aldaketa" lortzeko. "Bakerantz eta elkarbizitzarantz eramango gaituen aldaketaz ari gara. Sufrimendu gehiago sortzeari utzi eta korapiloak askatu zein zubiak eraikiko dituen jendarte baterantz eramango gaituena", gehitu dute.
Zentzu horretan, "ezinbestekotzat" jo dute "milaka kilometrotara urrunduak diren eta giza eskubideak urratuak zaizkien euskal presoen egoerari irtenbidea ematea". "Gure nahia elkarbizitzan eta bakean den jendarte baterantz urratsak ematea da", eta horretarako "zauriak sendatu eta korapiloak askatzea beharrezkoa da".
Gainera, adierazi dutenez, "oraindik orain, indarrean den espetxe politika aldatu ezean, giza eskubideak urratuak izateaz gain, presoen senideak, bereziki haurrak eta adinduak direnak, sufrimendua pairatzen jarraitzen dutela, astebururo milaka kilometro egitera behartuak izanik edota larriki gaixo diren euren senideak hain urrun izanda, alerta egoeran bizitzera behartuak egonez".
"Espetxe politikaren aldaketa beharraz mintzo izan diren" Espainiako Gobernuaren mezuen aurrean "itxaropentsu" agertu dira. Hala ere, oraindik ez daukate argi zein den “proposatzen duten bide-orria”, eta horrek zalantzak sortzen dizkie.
"Ekintzak eta helburu garbiak" eskatu dituzte, hau da, "sufrimenduarekin amaitzea, giza eskubideak errespetatuak direla ziurtatzea, legea betearaztea eta bakerako zein elkarbizitzarako baldintzak sortzea". "Hori da, gure ustez, jendarte honek merezi duena eta gure ondorengoei utzi beharreko ondarea", gehitu dute.
Azkenik, Orain Presoak dinamikaren arabera, aldaketarako baldintza egokiak daude, eta "guztiok desio dugun sufrimendurik gabeko egoera berri bat eraikitzeko, gutako bakoitzaren bultzada behar beharrezkoa dela" uste dute.