Presoak
Presoen hurbilketa nola egingo duten azaldu die Marlaskak ETAren biktimei
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Barne ministroak biktimen elkarteei esan die lekualdatzeak "puntualak" izango direla eta, oro har, odol deliturik ez dituzten presoak hurbilduko dituztela.
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa AVT eta Covite elkarteekin bildu da gaur goizean, euskal presoak Euskal Herriko kartzelatara hurbiltzeko prozesua nola egingo duten azaltzeko.
AVTk ohar bidez azaldu duenez, Maite Araluce elkarte horretako presidentea, Miguel Folguera aholkularia eta Carmen Ladron de Guevara abokatua izan dira Grande-Marlaskarekin egindako bileran.
Euskal presoen lekualdatze guztien inguruko informazioa emateko konpromisoa hartu du Barne ministroak AVTko ordezkarien aurrean.
Ildo horretan, Grande-Marlaskak azaldu die hurbilketa horiek "puntualak" izango direla eta, "oro har", odol deliturik gabeko eta zigorraren zatirik handiena beteta dituzten presoak hurbilduko dituztela, "salbuespenak egon daitezkeen arren". Salbuespeneko kasu horiek "zorrotz" aztertuko dituztela eta aldez aurretik jakinaraziko dizkietela agindu die.
Halaber, lekualdatzeak Euskal Herriko espetxeetara edo inguruko erkidegoetan dauden presondegietara izan daitezkeela zehaztu du.
Euskal Herrira hurbiltzeren truke, presoei Justiziarekin kolabora dezatela exijitzeko eskatu dute AVTko ordezkariek. Grande-Marlasakak erantzun die baldintza bakarra "preso bakoitzak indarrean dagoen espetxeetako legedia onartzea" dela.
Bestalde, kartzelatik ateratzen direnean presoei herrietan egiten zaizkien harrerak ekiditeko neurriak azter ditzala galdegin du AVTk. Horrez gain, Frantziako Gobernuak Espainiaren esku utzitako ETAri buruzko informazioa ikusteko interesa agertu du biktimen elkarteak.
Beste bilera bat Coviterekin
AVTrekin egin bezala, Fernando Grande-Marlaska Covite biktimen elkarteko ordezkaritza batekin ere bildu da goizean, Marta Igarriz eta Kepa Arronategi presoak kartzelaz aldatuko dituztela iragartzeko eta hurbilketak nola egingo dituzten azaltzeko.
Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak azaldu duenez, Marlaskak "gardentasunez" jokatuko duela eta gai honi lotutako "informazio guztia" emango diela agindu die. Aipatu bi presoenaz gain, ez die beste hurbilketa gehiagoren berririk eman gaurko batzarrean.
Euskal Herriko espetxeetara ekartzeko, presoei ondoko baldintza ezartzea exijitu du Covitek: "ETAri eta haren proiektu politiko kriminalari uko egin diezaiotela". "Ez gara hurbilketa progresiboen kontra agertuko, baina Euskal Herriko kartzeletara eramateko marra gorri hori jarri dugu", azpimarratu du Ordoñezek.
Graduz aldatzeko eta onurak eskatzeko baldintza legalak aztertzea eta onartzea Espetxeetako Zaintza epaileen ardura dela erantzun die Marlaskak.
Hori hala dela onartu du Ordoñezek eta, beraz, presoak graduz aldatzea errespetatuko dutela adierazi du. Alabaina, "presoak hurbiltzea neurri politikoa" dela erantsi du eta, horrenbestez, "presoak ETArengandik urrundu daitezen baldintza politikoak exijitzea" posible dela iritzi dio.