Itxi

Sare

Azkarraga: 'Presoak Zuerara eta Logroñora eramatea ez da dispertsioarekin bukatzea'

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Sare plataformako bozeramaileak Pedro Sanchezen Gobernuaren "konpromiso falta" salatu du.

Joseba Azkarraga, Sare plataformako bozeramailea. Argazkia: EFE.

Joseba Azkarraga Sare euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarraren bozeramailearen ustez, presoak Zuerako (Zaragoza) eta Logroñoko espetxeetara lekualdatzea ez da dispertsio politikarekin amaitzea, Pedro Sanchezen Gobernuak agindu zuen bezala.

Joseba Azkarraga, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiarekin bildu da ostiral honetan, atzo Espainiako Barne-Arazoetarako Ministerioak Kepa Arronategi Almeriatik Zuerara eta Marta Igarriz Castellotik Logroñora aldatuko zituela jakinarazi ostean.

Azkarragak gogoratu duenez, Marta Igarrizen kasuan, Espetxe Zaintzako epaileak haren egoera aldatzea erabaki zuen, "Gobernuaren irizpidearen aurka", eta, Arronategiren kasuan, larri gaixo dago, eta, legearen arabera, etxean egon beharko luke.

Sareren bozeramaileak Pedro Sanchezen Gobernuaren "konpromiso falta" salatu du, Espainiako presidente berriak kargua hartu zuenean "egungo espetxe politikarekin amaitzeko asmoa" zuela adierazi baitzuen. Azkarragaren hitzetan, Sanchezek "ez du bere hitza bete", eta horrek "frustrazio handia" sortzen du presoen eta senide eta lagunen artean.

Gaixotasun larriak dituzten ETAko presoak espetxeetatik etxera eramateko eskatu du berriro Azkarragak, eta ETAko gainerako presoak Euskal Herriko espetxeetara aldatzeko eskatu du, baina ez, Zuera bezala, "250 kilometrora daudenetara".

Hala ere, Azkarragaren ustez, senideentzat presoak Logroñon edo Zaragozan egotea Algecirasen edo Puerto de Santa Marian egotea baino "askoz ere garrantzitsuagoa" da.

Ildo horretan, Sarek Eusko Jaurlaritzarekin harreman ona izaten jarraituko duela adierazi du, atzo Eusko Jaurlaritza hurbilketa prozesuaren "etsaia" ez dela esan ostean.

Bestalde, Alfonso Alonso EAEko PPko presidenteari erantzun dio Azkarragak, "presoak hurbiltzeko, justiziarekin elkarlanean aritu eta indarkeria gaitzetsi behar dute", esan baitzuen atzo.

Azkarragaren hitzetan, sakabanaketa politikak ez du espetxe-onurekin zerikusirik, ezta legediarekin ere, "neurri politikoa" baita.

"Agian Alonsok biktimen elkarteak esan behar dutena entzun beharko luke, PPk dioenaren aurretik baitoaz", esan du Azkarragak Covitek esandako gogora ekarriz. Biktimen elkarteak atzo adierazi zuenez, "ez dute zer esanik" ETAko presoen hurbilketari buruz.

Lekualdatzeak "urriak" dira,  EH Bilduren aburuz

Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen ustez, presoen lekualdatzeak "urriak" dira, eta hitza bete ez izan egotzi dio Sanchezen Gobernuari.

Albisteak (3)