USTEZKO USTELKERIA KASUA
De Miguelen epaiketa aldi baterako eten daiteke astelehen honetan, akordioa tarteko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Astelehen honetan da berriro hastekoa epaiketa, 26 akusatuen deklarazioarekin. Baliteke fiskalaren eta akusatuen arteko akordioa egotea zigorren inguruan, eta horrek epaiketa etengo luke.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Herrian inoiz epaitu den ustezko ustelkeria kasu handiena, De Miguel auzia, aldi baterako bertan behera gera daiteke astelehen honetan, fiskalaren eta akusatuen arteko akordio bat tarteko. EITBk asteon jakin duenez, zigorren inguruko akordioa ixten ari omen dira bi aldeak.
Udako etenaren ondotik, astelehen honetan ekingo diote epaiketari Arabako Lurralde Auzitegian, 26 akusatuen deklarazioarekin.
Fiskaltzak hasieran proposatutako zigorrak murriztuko lituzkeen akordioa izenpetu nahiko lukete zenbait akusatuk, tartean, Alfredo De Miguel buruzagi ohi jeltzaleak, auziko inputatu nagusiak.
Akordioa izenpetzeak, baina, hainbat delitu aitortzea ere esan nahiko luke, eta akusatu guztiak ez leudeke prest horretarako, Aitor Telleria EAJko buruzagi izandakoa, tartean.
Zabaldutako informazioen arabera, akusatu nagusien espetxe zigorra 10 urte jaisteko prest egongo litzateke Fiskaltza.
Epaitegiko iturriek baieztatu dutenez, "zaila" izango da astelehen honetako deklarazioei ekin aurretik akordioa erdiestea akusatu guztien abokatuekin.
Horrela, epaiketa aldi baterako etetea eska dezakete aldeek, harik eta akordioa itxi arte. Gehienez ere, hilabeteko epea izango lukete horretarako.
Fiskalak 54 urteko kartzela zigorra eskatu zuen De Miguelentzat, EAJn zuen arduraz baliatuta legez kanpoko eskupekoak kobratzea leporatuta. Horretarako, sozietate sare bat sortzea egozten diote.
Urtarrilean hasi zen epaiketa, lekukoen deklarazioarekin. Auzipetuek eurek eskatu zuten prozesuaren amaieran deklaratzea, eta Fiskalak ontzat eman zuen eskaria.