PEDRO SANCHEZ
Sanchezek ez du baztertzen hauteskundeak aurreratzea beste alderdien babesik ez badu
AGENTZIAK
'Elkarrekin Podemosekin, independentistekin eta EAJrekin gatazka, desadostasuna eta akordiorik eza gailentzen direnean hauteskundean deitu beharko ditugu', nabarmendu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ez du baztertzen hauteskundeak aurreratu behar izatea, baldin eta zentsura-mozioan babesa eman zioten alderdiekin "gatazka" nagusitzen bada.
"Elkarrekin Podemosekin, independentistekin eta EAJrekin gatazka, desadostasuna eta akordiorik eza gailentzen direnean hauteskundean deitu beharko ditugu', nabarmendu du Pedro Sanchezek La Sexta telebista katean igande honetan egin dioten elkarrizketan.
Gobernuan 100 egun bete dituen honetan, Sanchezek ez du hauteskundeak aurreratzeko arrazoirik ikusten, betiere, Gobernuak elkarrizketa lehenesten badu gatazkaren aurrean. Horrela, eta Kongresuan nahikoa babes duen bitartean, Gobernuan jarraituko duela azpimarratu du "gehiengo sozialak" eskatzen dituen legeak bultzatzeko.
2019ko Aurrekontuen inguruan galdetuta, zentsura-mozioan bere hautagaitza babestu zuten alderdi horien babesa lortzea gustatuko litzaiokeela onartu du.
Doktore-tesiarekin lotuta, ez zuela plagiorik egin eta bere ohorea urratu duten hedabideei esandakoak zuzentzeko eskatuko diela esan du, eta egin ezean auzitara eramango dituela. Dena den, baztertu egin du hedabide horien kontrako kereila aurkeztea.
Bestalde, Pedro Sanchezek onartu du Margarita Robles Defentsa ministroa ez zela jabetu Saudi Arabiara lehergailuen salmenta gelditzeak bi herrialdeen arteko harreman ekonomikoetan zer eragin izan zezakeen. Hori dela eta, ministroaren erabakia zuzendu zuen. "Politika lehentasunak ezartzea da eta nik Saudi Arabiarekin harreman ekonomiko eta komertzialei eustea eta lanpostuak mantentzea lehenetsi nuen". Izan ere, Saudi Arabiako Armadak bost korbeta egiteko enkargua egin zien Espainiako enpresa batzuei, eta bonba horiek saldu ezean gerraontziak egiteko kontratua bertan behera utziko zuela mehatxatu zuen.