KATALUNIA
Beste 13 polizia ikertuko dituzte U-1eko kargengatik
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Dagoeneko 22 dira urriaren 1eko polizia indarkeriagatik ikerketapean dauden agenteak.
Bartzelonako 7. Instrukzio Epaitegia Espainiako Poliziaren beste hamahiru agente ikertzen ari da, urriaren 1eko erreferendumean Bartzelonako Ramon Llull ikastetxean zegoen hauteslekuan izandako jokaeragatik, Jaume Asens Bartzelonako alkateordeak kazetariekin izandako topaketa batean atzo azaldu zuenez.
Voz Populi atariak argitaratutako informazioaren arabera, epaileak deklaratzera deitu du urriaren 1ean jasotako gomazko pilotakada batengatik begia galdu zuen Roger Español ere. Kaltetu eta ikertu gisa deklaratuko du, izan ere, agente bati metalezko hesi bat jaurtitzea eta horiei oldartzea leporatzen diote.
Azken horiek ere kontuan hartuta, dagoeneko 22 dira urriaren 1eko polizia indarkeriagatik ikerketapean dauden agenteak. Ikerketak gertaturikoa argitzea espero du Bartzelonako alkateordeak.
Bestalde, justizia administrazioarekin kolaboratzeko eta karga polizialetan parte hartu zuten beste agenteen identifikazioa errazteko agintzea eskatu dio Pedro Sanchezen Gobernuari; izan ere, guztira 100 agentetik gora ikertu beharko liratekeela uste du.