Itxi

KONSTITUZIOAREN 40. URTEURRENA

Aznarrek eta Gonzalezek leialtasuna eta errespetua eskatu dute Konstituzioa aldatzeko

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Konstituzioaren 40. urteurrenaren harira ospatu den ekitaldian, Espainiako Gobernuko presidente ohiek Carta Magna delakoaren iraunaldia eta balizko erreforma baten egokitasuna izan dute hizpide.

Felipe Gonzalez eta Jose Maria Aznar 'El Pais'ek eta Ser irrati kateak antolatutako ekitaldian. EFE

Felipe Gonzalez eta Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohiak 1978ko Konstituzioa erreformatzearen alde agertu dira, beti ere, leialtasuna eta arauekiko errespetua bermatzen badira.

Konstituzioaren 40. urteurrenaren harira El Pais egunkariak eta Ser irrati kateak atzo Madrilen antolatutako ekitaldian, Carta Magna delakoaren iraunaldia eta orain balizko erreforma bat egitearen egokitasuna izan zuten hizpide. Halaber, biak kezkatuta mintzatu ziren Espainiak bizi duen garaiagatik eta Kataluniako egoeragatik.

Presidente ohi sozialista Konstituzioa "goitik behera", lehen artikulutik hasi eta azkenekoraino, erreformatzearen aldekoa da. Are gehiago, ez da aldaketen eta berrikuspenen beldur. Dena den, Konstituzioa aldatzeko "adostasun zabalak" behar direla azpimarratu du eta zalantzan jarri du une honetan hori posible ote den.

Kataluniako barne zatiketak kezkatzen du. Gonzalezek ohartarazi duenez, ordea, buruzagi nazionalistak beren jarrerarekin "autonomia galtzetik gertuago daude independentzia irabaztetik baino".

Jose Maria Aznar presidente ohi popularra, ostera, zuhurrago mintzatu da. Haren esanetan, edozein erreforma egiteak "abantaila baino arrisku gehiago" ditu. Edozein kasutan, Konstituzioa berritzeko prozesu bat abiatzeko leialtasuna eskatu behar dela nabarmendu du. "Arauak eta legeak errespetatu egin behar dira, bestela, oihaneko legea da nagusi", ohartarazi du. "Sentimenduek ez die Estatu kolpe bat emateko eskubiderik ematen", gaineratu du.

Konstituzioaren erreformari heldu aurretik, ordea, etorkizunari begirako "hausnarketa estrategiko" bat egin behar dela uste du eta zalantzan jarri du une honetan horrelakorik martxan ote dagoen.

Dena dela, indarrean dagoen Konstituzioa aldarrikatu du eta egungo arazoek Konstituzioarekin ez dutela zerikusirik gaineratu du.

Albisteak (2)