FRANKISMOKO KRIMENAK
Martin Villa galdekatzea eskatu du berriro Maria Servini epaileak
EITB.EUS
Frankismoko krimenak ikertzen ari den epaile argentinarrak erregu-batzordea abiatu du, berak ministro ohi frankista Espainiako auzitegietan galdekatu ahal izateko.
Frankismoko krimenak ikertzen ari den Maria Servini epaile argentinarrak erregu-batzordea abiatu du, Rodolfo Martin Villa ministro ohi frankista Espainiako epaitegi batean galdekatu ahal izateko.
Espainiako Justizia Ministerioak uztailean jaso zuen eskaria, eta honek Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzio Epaitegi Zentralari helarazi zion, CEAQUA Argentinako Kereila Babesteko Koordinakundeak ohar bidez jakinarazi duenez.
Servinik bere ebazpenean jasotakoaren arabera, eskaerak aurrera eginez gero epaile argentinarrak Espainiara bidaiatuko luke urriaren 21etik 27ra bitartean.
Argentinako Kereila Babesteko Koordinakundeak ez daki Serviniren eskaria zein egoeratan dagoen.
Espainiak Martin Villa estraditatzeko aukera baztertu ostean, Servini epaileak Espainiako auzitegietan ministro ohiari galdeketa egiteko eskaera egin zuen. Dena den, Madrilgo 28. Instrukzio Epaitegiak atzera bota zuen eskaera hori 2017ko urrian.
Martin Villak behin baino gehiagotan esan du Servini epailearen aurrean deklaratzeko prest dagoela.
Maria Servinik gizateriaren aurkako hainbat delitu leporatzen dizkio: 1976ko martxoaren 3an Gasteizen Poliziak hil zituen bost langileren hilketa, 1977ko maiatzaren 12an Errenterian hil zuten Rafael Gomez Jauregiren hilketa, 1977ko maiatzaren 14an Iruñean hil zuten Jose Luis Cano Perezen hilketa, 1977ko maiatzaren 15ean Bilbon hil zuten Francisco Javier Nuñezen hilketa, 1976ko irailaren 8an Hondarribian hil zuten Jose Maria Zabala Erasunen hilketa, 1976ko uztailaren 9an Santurtzin hil zuten Maria Norma Mentxakaren hilketa eta 1977ko urtarrilaren 23an Madrilen hil zuten Arturo Ruiz Garciaren hilketa. Garai hartan, Martin Villa Espainiako Gobernazio ministroa zen.