Kataluniako erreferenduma
24 polizia ikerketapean, Kataluniako erreferendumeko kargetan parte hartzeagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2017ko urriaren 1ean, Espainiako Poliziak Kataluniako erreferenduma galarazteko agindua zuen eta horretarako botoa eman nahi zuten herritarren kontra egin zuen. Ehunka lagun zauritu zituen.
2017ko urriaren 1eko erreferendumean Katalunian izan ziren kargak dela eta, beste bi polizia deitu dituzte deklaratzera. Horrenbestez, 24 dira jada ikerketapean dauden poliziak, tartean lau inspektore. Kataluniako erreferenduma galarazteko, Poliziak botoa eman nahi zuten herritarren kontra egin zuen hauteslekuetan, eta ehunka lagun zauritu zituen.
Gaur, Bartzelonako Auzitegiko epaile batek beste bi agente ikertzea ebatzi du, Dolors Monserda ikastetxeko hauteslekuan "gehiegikeriaz" aritu zirela iritzita, salaketan erantsitako 173 argazkiak eta hainbat bideo ikusi ostean.
Hasiera batean, ikastetxe horretan bildutako lagunak "nolabaiteko lasaitasunez" atera bazituzten ere, denborak aurrera egin ahal "indarkeria gero eta gehiago" erabili zutela dio epaileak.
Kaleratzea saihesteko asmoz, polizia baten sorbalda ukitu zuen emakume bati "aurpegian hainbat ukabilkada" eman zizkiotela eta lurrera bota zutela azaldu du ebazpenean.
Emakume bat eraikinetik indarkeriaz arrastaka atera zutela eta beste lagun bat inolako arrazoirik gabe jipoitu zutela erantsi du. Beste emakume bat iletik eta besoetatik tiraka lurrera bota zutela eta beste asko borrekin hanketan jo zituztela adierazi du ebazpenean. Kasu horietan ere, indarkeria erabiltzeko arrazoirik ez zegoela iritzita.
Epaileak uste du testuingurua "tentsio handikoa" zela, baina bi poliziak proportzionaltasunez aritu ez zirela azpimarratu du.