ERORIKOEN HARANA
Francoren familiak Almudenako kriptan lurperatuko du diktadorea, deshobiratzen badute
AGENCIAS | REDACCIÓN
Gorpua hobitik ateratzearen kontrako idatzi bat aurkeztu dute diktadorearen bilobek, asteon, Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioan.
Francoren familiak Madrilgo Almudena Katedraleko kriptan lurperatuko du diktadorea, haren gorpua Erorikoen Haraneko hobitik ateratzen badute, Espainiako Kongresuak irailaren 13an onartu bezala.
Diktadorearen bilobek gorpua hobitik ateratzearen kontrako alegazioak aurkeztu dituzte, aste honetan, Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioan.
Hamabi puntuko idatzi batean, familiak esan du "Konstituzioaren kontrakoa" dela Memoria Historikoaren Legea erreformatzea, besteak beste, ez dagoelako horretarako "premiazko edo aparteko beharrik".
Halaber, Francoren familiak uste du Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 18.1 artikuluan jasota dagoen intimitaterako oinarrizko eskubidea urratu duela.
Zuzenbidearen "arduradunen oniritzirik ez" duen eta Estatuak "nahitaez inposatu" nahi duen deshobiratzea dela esan du Francoren familiak. Alegazioen testuan jasotzen denez, "erlijio askatasunaren oinarrizko eskubidea" ere ez du errespetatu Espainiako Gobernuak.