Itxi

URRIAREN 1EKO ERREFERENDUMA

6 pertsona atxilotu eta 24 zauritu dituzte Bartzelonan izandako istiluetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

3.000 poliziak hartu dute parte manifestazio batean eta 6.000 subiranistak bestean. Polizien martxa boikoteatu nahi zuten manifestari independentisten aurka kargatu dute mossoek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bi manifestazio kontrajarri bizi izan dira gaur Batzelonan. Udaltzaingoak emandako datuen arabera, 3.000 poliziak hartu dute parte U-1eko erreferendumean izan zuten papera erreibindikatzeko egin duten manifestazio batean, eta 6.000 independentistak, berriz, erreferenduma eta egun hartako emaitza aldarrikatzek egin den manifestazioan. Tentsio handiko uneak bizi izan dira eta Esquadra Mossoek 6 independentista atxilotu dituzte.

Bi manifestazioek ez dute bat egin mossoak tartean izan direlako une oro, independentistak poliziengana irits ez zitezen. Jusapol elkarteak deitu du manifestazioa soldata hobeak eskatzeko eta 2017ko urriaren 1eko erreferenduma egin ez zedin lanean aritu ziren poliziak omentzeko.

Manifestazio hori "probokaziotzat" jo du hasieratik independentismoak eta hainbat lagun eurengana iristen saiatu dira, martxa boikoteatzeko asmotan. Eguerdian izan dira lehen kargak, bi manifestazioak Via Laietanen, elkarrengandik oso gertu, topatu direnean. Arranek, CUPen gazte taldeak, 'Holi Festival' koloretsua deituta zeukan "inoiz baimendu behar ez zuten manifestazio faxista honen aurka" eta koloretako margoa botatzeko asmoa zuten polizien manifestazio hasieran; baina ibilbidean aurrera egingo ez zutela ikusita, mossoei bota dizkiete koloretako hautsak. Ondoren, kargatu egin dute horiek.

Mossoek independentisten aurka jotzen zuten bitartean, Jusapolek deitutako manifestazioa Katalunia Plazara iritsi da. Ibilbide guztia mossoek babestuta egin dute eta Via Laietanatik zihoazen independentistak beste bide batzuetatik, Rambletatik, adibidez, saiatu dira plaza horretara iristen eta poliziaren azken ekitaldia oztopatzen. Mossoek inguratuta ospatu da polizien ekitaldia eta kanpo aldetik ehunka herritar "traidoreak", "mosso gutxiago eta suhiltzaile gehiago" eta antzekoak oihukatuz aritu dira.

Karga gehiago izan dira Katalunia Plazaren inguruetan eta larrialdi zerbitzuek 24 pertsona artatu behar izan dituzte: 19 arin zauritu dira eta bost ospitalera eraman dituzte.

6 atxilotu eta ikertu bat

Esquadra Mossoek baieztatu dutenez, 6 pertsona atxilotu dituzte ta beste bat ikertu gaurko istiluak direla eta.

Katalunia Plazan izaten ari ziren istiluen eta kargen neurria ikusita, CDRek protesta bertan behera uztea erabaki dute 15:00etan, eta Quim Torra Generalitateko presidentea zein Miquel Buch "traidoreak" direla salatu dute publikoki euren Twitter kontuan eta "ordaindu" egingo dutela ohartarazi diete.

Handik gutxira desegin dira bi manifestazioak eta 15:30 aldera Mossoak inguru hartatik joaten hasi dira.

17:00etarako kontzentrazioa deitu dute Arran eta CDRek Les Cortseko komiariaren aurrean, bertan baitaude atxilotuak.

PPCk Barne kontseilariaren dimisioa eskatu du

Xavier Garcia Albiol PPCko buruzagiak Miquel Buch kontseilaren dimisioa eskatu du "bere arduragabekeriagatik, eta independentista erradikalek sortutako istiluak eta erasoak galarazteko gai izan ez delako".

CUPek ere eskaera bera egin du: Carles Riera CUPeko diputatuak Kataluniako Barne kontseilariaren dimisioa eskatu du larunbat honetan Bartzelonan izandako karga polizialengatik. Rieraren hitzetan, ezker independentistak egindako mobilizazioa "ez biolentoa eta sortzailea" izan da, Jusapolek deitutako beste manifestazio bati erantzuteko asmoz.

Askatasunaren aldeko kanpaldia, urriaren 1era arte, Sant Jaume plazan

Irailaren 11tik kanpaldia egiten ari dira ANC, CDR eta CUPeko kideak Sant Jaume plazan. Ekitaldi jendetsua egin dute goizean bertan eta 15:30 aldera, beste protestak amaitu direnean, hara bertaratu dira hainbat lagun.

Hala, urriaren 1eko urteurrena iritsi bitartean bertan izango direla jakinarazi dute bozeramaileek.

Bideoak (2)