Itxi

U-1aen urteurrena

U-1aren 'mandatu demokratikoa' betetzeko konpromisoa hartu du Quim Torrak

Agentzia | Erredakzioa

Leer en Castellano

Kataluniako 'egoera larria' aipatu du Kataluniako presidenteak: 'Jordi biak' kartzelan eta Puigdemonten gobernuko 'ia kide gehienak espetxean edo erbestean' direla.

Torra, bere kontseilariekin Sant Julia de Ramis. Argazkia: EFE

"Urriaren 1ean Kataluniako herriak emandako mandatu demokratikoa betetzeko konpromisoa berresten du Gobernu horrek". Irmo mintzatu da gaur, Kataluniako erreferendumaren urtemugan, Quim Torra Kataluniako presidentea, eta burua lehengo lepotik duela azpimarratu du. Kataluniako "egoera larria" ere hizpide hartu du presidenteak, eta "autodeterminazio eskubide demokratikoa defendatzearren Estatuak errepresaliatutakoei erabateko babesa" azaldu die.

Torra buru zuela, gobernu bilera eta ekitaldi instituzionala egin du Kataluniako Gobernuak egun seinalatu honetan Sant Julia de Ramis (Girona) herrian. Bertan bozkatzekoa zen iaz Carles Puigdemont, baina Espainiako Poliziak indarrez itxi zuen hauteslekua.

Kataluniako presidentearen hitzetan, "mandatu horrekin abiatutako bideari eutsiko diogu, duela urtebete jazo ziren gertakariei zor diegun errespetuagatik, herritarren zerbitzura egoteagatik, eta demokrazia eta askatasuna Kataluniako bandera izango direlako beti".

Independentzia aldarrikatzen jarraitzeko eskatu die Torrak Kataluniako herritarrei, eta CDR (Errepublikaren Defentsarako Batzordeak) taldeei animoak eman dizkie: "Estutu, jarraitu estutzen".

Kataluniako 'egoera larria'

Erreferendumaren urtemugan "Kataluniako egoera benetan larria" dela azpimarratu du Torrak. Bertan gogorarazi duenez, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez Omnium Culturaleko presidente eta ANCko buruzagi ohiak urtebete emango dute laster badaezpadako kartzelaldian. "Epaiketarik eta bermerik gabeko zigorra ezarri diete", salatu du.

Halaber, Carles Puigdemonten Gobernuko "ia kide gehienak kartzelan edo erbestean daude eztanda demokratiko hura defendatzeagatik".

Horrela, "preso politiko guztiak aske uztea, erbestean daudenak bueltatzea, eta independentzia eta adierazpen askatasunaren kontra zabaldutako auzia ixtea" eskatu du.

Torraren esanetan, Estatuak "bortizki zapaldu zuen" erreferendum independentista, poliziek boto-emaileak "kolpatu zituzten, eta, halere, bi milioi pertsonak baino gehiagok independentziaren aldeko mandatu argia eman zuten".

 

"Urriaren 1a demokraziaren sinonimoa da", Torraren iritzian

 

"Urriaren 1a Kataluniako herriak demokraziarekin, askatasunarekin, eskubide zibil eta politikoekin zuen erabateko konpromisoa azaldu zuen eguna izan zen eta izango da beti. Urriaren 1a demokraziaren sinonimoa da, beldurra, mehatxua eta indarkeria garaitu genuenekoa", nabarmendu du.

Independentziaren aurka bozkatu zutenak ere izan ditu gogoan Torrak. Horren esanetan, "harro" dago Kataluniako herriak erakutsitako "heldutasunarekin"; izan ere, "XXI. mendeko Europan ezbaian egon ezin daitezkeen eskubideak defenditu zituen, demokratikoki eta indarkeria erabili gabe".

Albisteak (2)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)