Konstituzionalaren epaia
Hutsik dauden etxebizitzak desjabetu ahalko dituzte Jaurlaritzak eta udalek
Agentziak | Erredakzioa
EAEko Etxebizitza Legearen artikulu gehienak babestu ditu Auzitegi Konstituzionalak. Mariano Rajoyren Gobernuak helegitea aurkeztu zuen 2016an.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Autonomia Erkidegoko Etxebizitza Legearen artikulu gehienak babestu ditu Auzitegi Konstituzionalak, besteak beste, Eusko Jaurlaritzari eta udalei hutsik dauden eta “funtzio soziala” betetzen ez duten etxebizitzak desjabetzeko aukera ematen dien artikulua. Horretarako, etxebizitza kokatzen den zonan etxe sozialen eskaria egon behar du.
Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren berri eman du gaur Eusko Jaurlaritzak. Mariano Rajoyren Gobernuak Etxebizitza Legea errekurritu zuen 2016an, eta Konstituzionalak zenbait artikulu bertan behera utzi zituen erabaki bat hartu bitartean.
Orain legearen artikulu gehienak babestu ditu Konstituzionalak, besteak beste, alokairu sozialaren merkatuan jartzeko, hutsik dauden etxebizitzak desjabetzeko aukera jasotzen duena.
Hala ere, bankuek, higiezinen enpresek zein aktiboak kudeatzeko konpainiek bultzatuta, hipoteka betearazteko prozesuan, etxegabetze prozeduretan murgilduta dauden etxebizitzak indarrez desjabetzeko artikulua Konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi du Auzitegiak.
Epaiak erkidegoari esparrua erabateko segurtasun juridikoarekin arautzeko “eskumen osoa” aitortzen diola azpimarratu du Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak.
Etxebizitza bat hutsik dagoela erabaki baino lehen, espedientea zabaldu, jabeei azaltzeko aukera eman eta ondoren legearen baldintzak betetzen ote dituen zehaztu beharko dute erakundeek; azkenean kanon bat edo behartutako errenta bat ala aldi baterako desjabetzea aplikatu ahal izateko.
“Desjabetze oldea aurrera eramango dugunik ez du esan nahi horrek”, adierazi du sailburuak. Jabetza kentzea posible den etxebizitzen zerrenda bat egiten ari direla iragarri du Arriolak, baina egoera horretan egon daitezkeen etxeen kopururik ez du zehaztu.
Etxebizitza Legea 2015eko ekainean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. PSEren ekimenak EH Bilduren eta UPyDren babesa jaso zuen. PPk eta EAJk kontrako botoa eman zuten.