Ekitaldia Bilbon
Biktimak aitortzeko 'egien puzzle handia osatzera' deitu du Foro Sozialak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizarte zibilaren papera azpimarratu du Foro Sozial Iraunkorrak. Horren hitzetan, egiaren ezagutzak biktimen "mina arintzea" dakar.
"Biktima eta sufrimendu mota guztiak aitortzeko gizarte zibilak bete dezakeen papera" azpimarratu du Foro Soziak Iraunkorrak eta, horren harira, "euskal gatazka deritzogun egien puzzle handia osatzera" deitu du. "Biktimen eskubide nagusia da egia, eta bake-prozesuan aurrera egitea ahalbidetzen du, elkarbizitza demokratikoa suspertze aldera", adierazi du.
Foro Sozialaren V. edizioa itxi dute larunbat honetan Bilbon (hasiera atzo izan zen, Iruñean), 'Egia ezagutzeko eskubidea: aintzatespen mekanismoak eta biktimen erreparazioa' lemapean. Bizkaiko hiriburuan izandako ekitaldian 'Sufrimenduaren Kartografia Integrala' aurkeztu dute, azken urteetan indarkeriaren biktimekin egindako topaketen ondorioak biltzen dituen dokumentua, alegia.
Nekane Altzelai: “Sufrimenduaren Kartografia Integralak Egia ezagutzeko eta biktima guztiak aitortuak sentitzeko oinarrizko mekanismoa izan nahi du” #VForoSoziala pic.twitter.com/UMxUP1C0C7
— Foro Soziala (@ForoSoziala) 6 de octubre de 2018
"Sufrimenduekin, giza eskubideen urraketekin eta horren ondorioekin" lotutako 125 kategoria sailkatu ditu Foro Sozialak, "euskal gatazkak duen konplexutasuna" agerian utzita. Agustin Hernan Foro Sozial Iraunkorraren bozeramaileak azaldu duenez, diseinatu duten kartografia "tokiko esparruetara egokitzeko" tresna moduan pentsatuta dago, xede izanik "egiaren ezagutza eta biktima guztien aitortza".
Hernanen arabera, "gure lanaren abiapuntua izan da beti egia ezagutzeko eta erreparazioa jasotzeko biktimek duten eskubidea, justizia izatea, alegia, bizi izandako drama berriro errepika ez dadin". Horren hitzetan, egiaren ezagutzak "mina arintzea dakar".