Itxi

Katalunia

Erregea gaitzetsi eta monarkia deuseztatzea eskatu du Parlamentak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Comuns, JxCat eta ERC taldeek ekimena babestu dute, CUP abstenitu egin da, eta PPk, PSCk eta Ciudadanosek kontrako botoa eman dute.

Kataluniako Parlamenta. Artxiboko argazkia: EFE

Comuns koalizioak aurkeztutako ebazpen bat onartu du gaur Parlamentak, “Kataluniako gatazkan Felipe VI. erregeak izandako jarrera eta esku hartzea” errefusatu eta gaitzesteko. Monarkak 2017ko urriaren 1ean Espainiako Poliziak egindako kargak justifikatu zituela kritikatu du Ganberak.

Comuns, JxCat eta ERC taldeek (69 boto) ekimena babestu dute, CUP (4 boto) abstenitu egin da, eta PPk, PSCk eta Ciudadanosek (57) kontrako botoa eman dute. Era berean, balio errepublikarrak aldarrikatu eta “monarkia bezalako erakunde antidemokratikoa eta zaharkitua deuseztatzearen” aldeko apustua egin du Kataluniako Parlamentuak.

Helburu berdinarekin bi egun lehenago ebazpena aurkeztu zuen JxCatek, baina ez zen aurrera atera: orduan comuns taldeak ez zuen babestu, ekimenak independentzia lortzeko aldebakarreko bidea aldarrikatzen zuelako.

Erreferenduma egin eta bi egun geroago, 2017ko urriaren 3an, erregeak egindako agerraldiarekin kritikoak dira comuns eta alderdi independentistak. Poliziak eta Guardia Zibilak hauteslekuetan izandako jokabidea babestu zuela uste dute.

Sanchez: "Kataluniako Parlamentaren ebazpena onartezina da"

Ebazpen berdinean, “herritarren aurkako errepresioa” eta alderdi kataluniarrak “legez kanpo uzteko mehatxuak” gaitzetsi ditu Parlamentak. PPk eta Ciudadanosek CUP legez kanpo uztea planteatu dute orain dela gutxi.

Ebazpenaren berri izan ondoren, Exekutibo zentralak “eskura dituen legezko neurri guztiak” hartuko dituela ohartarazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak.

“Estatuburua gaitzetsi eta errefusatu nahi duen Kataluniako Parlamentaren ebazpena onartezina da”, azpimarratu du gobernuburuak Twitter sare sozialean. “Legalitatearen, Konstituzioaren eta Estatuko erakundeen defentsan, eskura dituzten legezko neurri guztiak” hartuko dituela ohartarazi du Sanchezek.

 

 

Albisteak (3)