Itxi

Ustezko ustelkeria Araban

Komisioak eskatu dituenik ukatu eta frogak ‘manipulatu’ dituztela esan du De Miguelek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Gonzalo Susaeta abokatuaren galderei soilik erantzun die inputatu nagusiak. De Miguelen deklarazioak astearte honetan jarraituko du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Lan baten truke “sekula komisiorik” inori eskatu ez diola adierazi du gaur Alfredo de Miguel Arabako EAJren buruzagi ohiak. Berari ere ez diotela ezer eskaini erantsi du. Gainera, ustez berari legez kanpoko komisio bat nola eskatzen duen entzuten zaizkion elkarrizketen grabazioak “osoak eta egiazkoak” direnik ukatu du De Miguelek. Ustezko ustelkeria sarearen buruzagiaren hitzetan, “manipulaturik daude”.

Arabako Lurralde-auzitegian egiten ari diren epaiketan egin ditu adierazpenak De Miguelek. Bera eta beste 25 pertsona inputaturik daude, legez kanpoko komisioak kobratzeko sare bat osatzea egotzita. Euskal Herrian sekula ikertutako eta epaitutako ustezko ustelkeria auzirik handiena da.

Arabako batzarkide ohia deklaratzen aurrena izan da, gaur epaiketari berriz heldu ondoren; izan ere, epaimahaiak Fiskaltzari denbora bat eman zion akusatuekin akordio bat ixten saiatzeko, baina epea adostasunik gabe amaitu da kasu gehienetan. Hala ere, “zati esanguratsu” batekin akordioa itxi dute.

Josu Izaguirre Arabako fiskalburuak azaldu duenez, akordio partzial horrek “funtsezko” operazioak jasotzen ditu, legez kanpoko komisioak kobratzeko “sare kriminal bat” osatzen zutela “frogatu” ahal izateko.

Gonzalo Susaeta abokatuaren galderei soilik erantzun die De Miguel inputatu nagusiak.

Horrela, ahozko saioan entzun diren grabazioak zalantzan jarri ditu De Miguelek. Horietan, ustez 100.000 euroko legez kanpoko komisio bat eskatu zion inputatu nagusiak Ainhoa Alberdi abokatuari, Urbanorma Consulting S.L. enpresari esleipena ematearen truke. Miñaoko (Araba) Teknologia Parkea handitzeko lan bat zen.

 

"Elkarrizketak osoak eta egiazkoak direnik ez nuen eta ez du onartzen"

 

Hain zuzen ere, Alberdik salatu zuen gertakaria Arabako Fiskaltzaren aurrean, 2009ko abenduan. Horrela, auziari hasiera eman zion.

Alberdik aurkeztu zituen grabazioak, baita beste agiri batzuk ere, De Miguelek Aldundiko bulego ofizialetik bidalitako posta elektroniko bat, besteak beste. “Gurea 100ean uzten dugu”, zioen De Miguelek mezuan.

“Elkarrizketak osoak eta egiazkoak direnik ez nuen eta ez du onartzen”, esan du De Miguelek gaur. “Manipulaturik daude”, gaineratu du.

Epaiketa hasi zenean, iragan urtarrilean, De Miguelen abokatuak grabazioak baliogabetzea eskatu zuen jadanik, “manipulazio zantzuak” ikusten zituela eta zaintza katea hautsi zela argudiatuta. Originalen eta DVDko kopien artean desberdintasunak direla defendatu du gaur abokatuak saioan; izan ere, grabaketak epaiketan entzun dituzte.

Bestalde, Kataiako erantzukizuna berak, Aitor Telleria eta Koldo Ochandiano Arabako EAJren buruzagi ohiek zutela azaldu du De Miguelek. Inputatu nagusiaren ahotan, hiru horien emazteek “ez zuten bezeroekin negoziatzen eta eguneroko jardueran parte hartzen”, nahiz eta sozietatea haien izenean egon. Hiru emakumeak erruztatuen aulkian daude.

Hiru orduko deklarazioaren ondotik, saioarekin astearte honetan jarraitzea erabaki du epaimahaiak. De Miguelek bere abokatuaren galderei erantzuten jarraituko du.

Albisteak (2)

Bideoak (1)