Ustezko ustelkeria Araban
Aitor Telleriak akusazio denak ukatu ditu eta 'guztia asmakizun bat' dela salatu du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Fiskaltzak egindako akusazio guztiak ukatu ditu Araba Buru Batzarreko kide ohiak, eta egiazko zifra bakarra Kataia enpresari zor zitzaizkion 30.000 euroak direla esan du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
De Miguel auziko epaiketan, Aitor Telleria EAJren Araba Buru Batzarreko (ABB) kide ohiak akusazio guztiak ukatu ditu. Euskal Herrian sekula epaitutako ustezko ustelkeria auzirik handienean Arabako EAJren hainbat buruzagi eseri dira akusatuen aulkian, tartean Alfredo De Miguel eta Aitor Telleria. Gaurko deklarazioan, "guztia asmakizun bat" dela eta egiazko zenbaki bakarra Kataia enpresari zor zitzaizkion 30.000 euroak direla esan du.
Telleria atzo hasi zen Eusko Jaurlaritzaren abokatuaren galderei erantzuten, izan ere, auzian pertsonatu da Jaurlaritza. Gaurkoan, defentsa abokatuaren galderei soilik erantzun die. Alfredo De Miguel akusatuak egin bezala, uko egin dio Fiskaltzaren galderei erantzuteari.
Fiskaltzak 32 urte eta 2 hilabeteko kartzela zigor eskaera egin du Gasteizko zinegotzi eta Arabako batzarkide ere izan zenarentzat.
Defentsa abokatuaren galderei erantzunez azaldu duenez, Alfredo De Miguel eta Koldo Otxandiano buruzagi jeltzaleekin batera Kataia Consulting enpresa sortu zuen, ustez ustelkeria sarearen ardatza den enpresa. Hiruren emazteak (auzian inputatuta daude) bazkide gisa agertzen badira ere, horiek ez zutela bileretan parte hartzen nabarmendu du.
Telleriaren esanetan, Kataia enpresarekin soilik zituen harremanak. Are gehiago, ez omen zuen zerikusirik susmopean dauden Errexa eta Ortzi Muga enpresekin.
Loizate taldea ezagutzen zuela onartu du. Enpresa horretako burua zena, Jon Iñaki Echaburu, ere akusatuen artean dago. Loizate enpresak Kataiari 30.000 euro zor zizkiola azaldu du, eta horrek porrot egin ostean Urbanorma enpresak zorra bere gain hartu zuela. Hain zuzen ere, Urbanorma enpresako arduraduna zen Ainhoa Alberdik jarri zuen salaketa Arabako Fiskaltzaren aurrean. Telleriaren iritziz, "guztia asmakizun bat" da eta Kataia enpresarekin 30.000 euro zorra zegoela da auzi honetako egiazko zenbaki bakarra.
Aitor Telleriaren hitzetan, inoiz ez du komisiorik jaso eta ez du Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren edo Arabako Parke Teknologikoaren kontratuetan parte hartu. "Ez dut inoiz komisiorik jaso", berretsi du. Auzibidea hasi aurretik akusatu gehienak ez zituela ezagutzen gaineratu du.