Itxi

Euskobarometroa

Immigrazioa ekonomiarako eta lan-merkaturako positiboa da, EAEko herritarren ustez

eitb.eus

Leer en Castellano

Egoera ekonomikoaren hobekuntzak immigrazioarekiko jarreretan eragina izan du. Gizartearen % 70,6ren jarrera irekia da errefuxiatuekin.

Migranteak Bilbon. Argazkia: eitb.eus

EAEko herritarren iritziz, immigrazioa "ekonomiarako eta lan-merkaturako eragile positiboa da", eta immigrazioa arazo gisa ulertzen duten herritarren kopurua murriztu egin da, nabarmen, 2018an, % 12,6tik % 7,7ra.

Asteazken honetan ezagutzera eman den Ikuspegiren 2018ko Barometroak, 2017koak baino emaitza positiboagoak erakusten ditu immigrazioaren alorrean, eta hortaz, immigrazioarekiko jarreretan ezarritako fase berri bat egiaztatu eta finkatu egin dela esan du Gorka Moreno, euskal gizarteak atzerriko immigrazioaren aurrean duen jarrera neurtzeko behatokiko zuzendariak.

Halaber, egoera ekonomikoak immigrazioarekiko jarreretan eragina daukala eta, "ziurtasun ekonomiko handiagoak konfiantza orokor handiagoa ere ematen" duela esan du Morenok.

Bestalde, Ernesto Sainz Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariaren esanetan, hamarkada gutxitan, "historikoki pobrea eta emigrantea izan den herrialde izatetik, modernoa izatera igaro gara, aberatsa eta immigrantea". Ildo horretan, "esan liteke hala jarraituko dugula, behintzat epe laburrera eta ertainera"; beraz, horrek adierazten du atzerriko immigrazioa "iritsi dela eta jarraituko duela Euskadira iristen, bertan geratzeko", gaineratu du.

Txostenak, halaber, errefuxiatuekiko ikuspegi zabala eta ulerkorra finkatu egin dela jasotzen du. Herritarren % 29,8k uste du murrizketarik gabe egin behar zaiela harrera. Gainera, jazarriak direla erakusten duten pertsonei asiloa eskaini behar zaiela erantzuten duten pertsonak ere kontuan hartzen baditugu, % 70,6 lagunek dute errefuxiatuekiko jarrera irekia (2017an, % 67,9 ziren).

Jarrera anbibalentea

Baina jarrera guztiak ez dira ulerkorrak; izan ere, azterlanaren arabera, euskal herritarrek jarrera anbibalentea ere badute atzerriko immigrazioaren inguruan. Horrela, euskal gizarteak sinpatia gutxiago dio Magrebeko kolektiboari, bai eta beste jatorri batzuetakoei ere; besteak beste, Errumaniakoari edo Pakistangoari, eta urteetan zehar nabaria da jarrera hori gainera. Bestalde, euskal herritarrek ez dute islamarekiko konfiantzarik.

Nolanahi ere, azken urtean kolektibo guztiekiko sinpatia mailak hobera egin duela esan du Morenok.

Euskal gizartean errotuen dauden estereotipoak, aurreko urteetan bezalaxe, ongizateari eta gizarte-babeseko sistemari eustekoak dira. Beste estereotipo batzuek, besteak beste, immigrazioak dakarrela segurtasunik eza handitzea edo eskoletan kalitateak behera egitea dakarrelakoek, pisu gutxiago dute, Morenok azaldu duenez.

 

Bideoak (1)