Argentinan
Elkarrizketan aurrera egitea eskatu du Perez Esquivelek, Urkullurekin bildu ostean
Agentziak | Erredakzioa
Bakearen Nobel saridunak esan duenez, urte asko eman ditu lanean terrorismoa garaitu eta bakea lortzeko. Halaber, “hausnarketa egiteko garaia” dela esan du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakaria Adolfo Perez Esquivel 1980. urteko Bakearen Nobel saridunarekin bildu da Buenos Aires hiriburuan ostegun honetan, Argentinara eta Txilera egiten ari den bidaia ofizialaren baitan. ETAren desegitearen ostean, elkarrizketaren bidean aurrera egitea eskatu du, Euskadin bizikidetza eta bakea finkatzeko asmoz.
Bakearen Nobel saridunak gogora ekarri duenez, urte asko eman ditu lanean terrorismoa garaitu eta bakea lortzeko. Ildo horretatik, “elkarrizketa, demokrazia eta herritarren parte-hartzea” noiz iritsiko zain denbora asko igaro dela ziurtatu du.
Perez Esquivelek azpimarratu duenez, “indarkeriak indarkeria gehiago dakar soilik, inoiz ez baitie arazoei irtenbidea ematen”. Hala, Euskadik gaur egun bizi duen terrorismorik gabeko testuinguru honetan, elkarrizketaren bidean “aurrera egin” beharra dagoela esan du, “arlo politikoan ikuspuntu ezberdinak egon arren”.
Bere esanetan, “Espainiar estatuaren eta ETAren artean emandako indarkeria” alde batera uzteko lan egin du. ETA “armagabetu zenetik”, ordea, “hausnarketa egiteko garaia” eta biktimei aitortza eta “erreparazioa” emateko garaia dela esan du.
“Tamalez, galdutako bizitzak ezin dira berreskuratu, baina argi izan behar duguna da gertatutakoa ezin dela berriro errepikatu”, gaineratu du Perez Esquivelek.
Era berean, bakea finkatzeko lagundu dezaketen bideak uneoro landu behar direla esan du Bakearen Nobel saridunak, baina helburu hori lortzeko herritarrek egin behar duten ahaleginaz gain, “borondate politikoa” ere egon behar dela gaineratu du.
Bestalde, demokraziaren eta Giza Eskubideen defentsarekin duen konpromisoa nabarmendu du Urkulluk, eta Euskadin bakea lortzeko egindako “ekarpena” eskertu dio.
Urkullu Perez Esquivelekin bat etorri da elkarrizketaren garrantzia azpimarratzerako orduan. Izan ere, bizikidetza sustatzeko ezinbestekoa dela esan du.
Asteazkenean ESMA Armadaren Mekanika Eskolaren museora egin duen bisitan, memoria zentroen nazioarteko sarea osatzeko proposamena egin zuen lehendakariak.