Katalunia
Estatuaren Abokatuak matxinada delitua baztertu du independentisten aurkako auzian
Agentziak | Erredakzioa
Politikari independentisten aurkako epaiketan, Espainiako Gobernuaren menpeko erakundeak sedizio delitua egotziko die, matxinada baztertuta. Fiskaltzaren irizpidetik bereiziko da, beraz.
Estatuaren Abokatuak ez die Kataluniako subiranotasunaren aldeko prozesu politikoei matxinada delitua leporatuko, baizik eta sedizioa eta dirua bidegabe erabili izana. Ez zela indarkeria egon uste du.
El Pais egunkariaren arabera, Estatuaren Abokatuak ostiralean emango dio Auzitegi Gorenari bere testua. Kalifikazioetan, Fiskaltzaren irizpidetik bereiziko da.
Estatuaren Abokatua Justizia Ministerioaren menpe dago. Urtarrilean egingo den epaiketan, beraz, Kataluniako independentzia aldarrikatzeko ez zela indarkeriarik erabili defendatuko du.
Instrukzioan zehar, Abokatuak Fiskaltzaren irizpidea babestu du beti, indarkeria eta matxinada delituari dagokienez. Auzitegi Gorenari ikerketa ixtea eskatu zionean, inputatuak matxinada, dirua bidegabe erabili izana eta desobedientzia delitua egotzita epaitzea eskatu zuen. Beraz, sedizioa leporatzeak estrategia aldaketa dakar.
Erreakzioak
Quim Torra Generalitateko presidentearen esanetan, umiliagarria da Estatuko Abokatutzak egingo dituen eskariak "keinu gisa saltzea". "Demokrata batentzat toleraezina den eta autodeterminatu den herri batentzat onartezina den kontu baten aurrean gaude", esan du Twitterreko bere kontuan argitaratutako txioan.
L’última de les humiliacions es pretendre vendre’ns “gestos” que no són sinó agreujants de les posicions inicials. Ens enfrontem a l’intolerable per a un demòcrata; a l’inacceptable per a un poble que s’ha autodeterminat. https://t.co/Y2PVjz5X4A
— Quim Torra i Pla (@QuimTorraiPla) 2 de noviembre de 2018
Iñigo Urkullu ez dago "batere gustura", filtrazioen arabera, Estatuko Abokatutzak Kataluniako buruzagi independentistei egingo dien akusazioarekin. Dena den, matxinada delitua baztertzeak gaur egun behin-behineko espetxealdian dauden buruzagi independentisten egoera erraztea espero du.
Albert Rivera Ciudadanoseko buruak "moralaren aurkako" jarrera izatea leporatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari. Are gehiago, botere betearazlea buruzagi katalanei indultua emateko erabiltzea egotzi dio, baldin eta epaitegiek zigortzen badituzte.
En 48h Sánchez confirma lo que muchos españoles nos temíamos: Está utilizando el poder ejecutivo para beneficiar a los que dieron un golpe contra nuestra democracia y lo hará para indultarles si les condenan los tribunales. Impunidad a cambio de apoyo: Inmoral. #EleccionesYa pic.twitter.com/zlXhm3f4CC
— Albert Rivera (@Albert_Rivera) 1 de noviembre de 2018
Estatuko Abokatutza matxinada delitua baztertzera behartzea aurpegiratu dio Pablo Casado PPko presidenteak Espainiako Gobernuari. Ez hori bakarrik, Fiskaltzak egindako akusazioetatik bereiztea ere leporatu dio.