Katalunia
Kataluniako independentismoak ez ditu Espainiako Gobernuaren Aurrekontuak babestuko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
JxCAT, PDeCAT eta ERC alderdietako buruzagiek esan dute ezinezkoa zaiela Pedro Sanchezi babesa ematea, politikari kataluniarren kontrako zigor eskaerak ezagutu eta gero.
Fiskaltzak eta Estatuko Abokatuak politikari kataluniarren kontra eskatu dituzten kartzela-zigorrak ezagutu ostean, Quim Torra (JxCAT) Kataluniako Gobernuko presidenteak eta PDeCAT eta ERC alderdietako buruzagiek iragarri dute Pedro Sanchezi babesa kenduko diotela eta, beraz, ez dituztela Estatuko Aurrekontuak onartuko.
"Duela hilabete eskatu nion Sanchezi presidenteari 30 eguneko epean eskaintza bat aurkez zezala, erreferendum lotesle bat adosteko. Egun batzuk geroago gutuna igorri nien nazioarteko agintariei, bitartekari lana egin zezaten. Gaur jaso dugu Estatuaren erantzuna: 200 urtetik gorako espetxe-zigorra. Bada, Sanchez presidentea, guk, Kataluniako herriak, babesa kentzen dizugu eta ez ditugu Aurrekontuak bozkatuko", azpimarratu du Bartzelonako Lledoners kartzela atarian egindako ekitaldi jendetsu batean.
David Bonvehi PDeCATeko presidentea ere han izan da eta antzeko adierazpenak egin ditu. Akusazio idatziak ezagutu ondoren, "oraindik argiago dago gure ezetza Estatuko Aurrekontu Orokorrari", esan du.
Pere Aragones (ERC) Kataluniako Gobernuko presidenteordea Tarragonako Mas d’Enric espetxe aurrean egindako ekitaldian izan da, eta Pedro Sanchezen Gobernuak Mariano Rajoyren "errepresio ildoa" jarraitzen duela salatu du eta, beraz, Espainiako Gobernuarekin kolaboratu ezin daitekeela erantsi du.
"Estatuak ez du inolako keinurik eta mugimendurik egin; hortaz, ezinezkoa da gure aldetik keinurik edo mugimendurik egitea", nabarmendu du.