Itxi

Estrasburgoren epaia

Gaitasungabetzea bertan behera uzteko 'bidea zabalik' dagoela uste du Otegik

EITB.EUS

Europako Parlamentuan eskainitako prentsaurreko batean, Europako Auzitegiak emandako epaiarekin 'pozik' agertu da EH Bilduko koordinatzailea: 'Gure kontakizuna berretsi du'.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaurko egunaren "garrantzia" azpimarratuta, "pozik" azaldu da komunikabideen aurrera Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Europako Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak Bateragune auziaz emandako epaia ezagutu berritan. "Guk egindako kontakizuna egia zela frogatu du, eta Estatuarena gezurtatu", azpimarratu du. Epaiak bere gaitasungabetzearengan duen eraginaz galdetuta, Otegik aitortu du bertan behera geratzeko "bidea zabalik" dagoela, baina azterketa hori datozen egunetarako utzi du. "Gaur ez da epaiaz balorazio juridiko bat egiteko eguna", erantsi du.

Otegi Bruselan da egunotan, eta Estrasburgoko epaiaren inguruko iritzia emateko Europako Parlamentuan agerraldia egin du eguerdian. "Justizia poetiko eta politikoa lortu dugu", nabarmendu du. Jordi Sole eta Josep Maria Terricabras (ERC), Ana Miranda (BNG), Mark Demesmaeker belgiarra (N-NA), Matt Cathy irlandarra (Sinn Feinn) eta Josu Juaristi (EH Bildu) europarlamentariak izan ditu ondoan Otegik.

EH Bilduren koordinatzaile nagusiaren esanetan, Estrasburgoko epaiak bi gauza utzi ditu agerian: Batetik, "gure kontakizuna egia zela, eta Estatuarena gezurra", eta  bestetik, "Espainiako Estatua autoritarioa eta antidemokratikoa dela, ez baitago demokraziarik epaiketa justu eta inpartzial gabe".

"Operazio judizial, politiko eta polizial hark helburu bakarra zuen: ezker abertzaleak bere estrategia aldatzea eragoztea, bide baketsu eta demokratikoen aldeko gure hautua oztopatzea. Horretarako akusazio eta kontakizun faltsu bat eraiki zuten, eta Estatu operazio bat babestu zuten", salatu du.

Deitoratu duenez, inork ez dizkio itzuliko kartzelan eman zituen sei urte eta erdiak. "Tarte hartan ama hil zitzaidan", hartu du gogoan.

Otegik gogorarazi du bigarren aldia dela Estrasburgok epaitegi horren (Auzitegi Nazionala) inguruan arrazoia ematen diona. Ildo horretan, "salbuespeneko auzitegi horien aurretik igaro diren milaka pertsonak" aipatu ditu, "euskal preso politikoak, eta baita katalanak ere". Hala, espero du gaur emandako epaiak Kataluniako auzian "nolabaiteko eragina" izatea. "Euren kontra ere kontakizun faltsu bat eraiki dute", argudiatu du.

Arkaitz Rodriguez eta Jone Goirizelaia

Ildo beretik mintzatu da Arkaitz Rodriguez Bateragune auzian zigortuetako bat eta Sortuko buruzagia ere badena. Horren ustez, Estrasburgoko epaiak frogatu du euskaldunek eta katalanek ez dutela "bakea, justizia eta demokrazia ezagutuko Espainian jarraituz gero".

Rodriguezek uste du Espainia ez dela Estatu "demokratikoa" eta kasu honetan gertatutakoa "izebergaren punta baino ez" dela.

 

 

Bestalde, Jone Goirizelaia Otegiren abokatu eta EH Bilduko legebiltzarkideak uste du Estrasburgoren epaiak frogatu duela Espainian "inpartzialak ez diren epaileak" badirela, "justizia politizatu eta instrumentalizatzen" dutela. Gaitasungabetzeengan duen eraginaz galdetuta, Goirizelaiak erantzun du ebazpena "sakon" aztertu nahi dutela, eta ondoren erabakiko dute zer egin.

 

 

 

 

 

Albisteak (1)

Bideoak (1)