Itxi

GEEA

Erantzun-oldea, Estrasburgok Bateragune auziari buruz erabakitakoaren ondotik

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Uxue Barkos Nafarroako presidentearen hitzetan, “ez da Espainiako justiziaren aurreneko porrota”. Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren “legitimitatea” azpimarratu du Jesus Lozak.

Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohia, Bateragune auzian zigortua. Artxiboko argazkia: EFE

Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak astearte honetan ziurtatu duenez, Bateragune auzian zigortutakoak “hasieratik errugabeak ziren”. GBBko presidentearen hitzetan, auzi hura orduko Barne ministroak, “Rubalcabak, bultzatutako mendeku politika” izan zen.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiaren ahotan, “euskal herritarrek eta kataluniarrek ez dute benetako bake, justizia eta demokraziarik ezagutuko” Espainian diren bitartean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren (GEEA) epaiak argi utzi bezala.

Lohitzune Txarola Eusko Alkartasunako Giza Eskubideen idazkariak adierazi duenez, Bateragune “auzi politikoa” izan zen, eta “Espainiako Estatuak justizia politikaren eskuetan jartzen” jarraitzen duela demostratzen du.

Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusiaren esanetan, Espainian “bere burua demokratikotzat duen herri baten akats larriak ditu zuzenbidezko Estatuak”, Estrasburgoko Auzitegiak “beste behin ere begi-bistan” utzi duenez.

Bestalde, Amaya Fernandez Euskadiko PPren idazkari nagusiak ziurtatu duenez, “hilketa selektiboa justifikatzen duen inork ezin du demokrazia eskolarik eman”, Arnaldo Otegiri erreferentzia eginez.

Uxue Barkos Nafarroako presidentearen ahotan, “ez da Espainiako justiziaren aurreneko porrota”. Elsa Artadi Kataluniako Generalitatearen bozeramaileak azaldu duenez, “Espainian bizi den bidegabekeria” agerian utzi du GEEAren epaiak.

 

Pablo Iglesias: "Espainiako demokraziarentzat albiste txarra da"

 

Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren “legitimitatea” nabarmendu du Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak. Ebazpen judiziala obeditzeko “betebeharra” azpimarratu du Lozak, baina helegitea aurkeztea posible dela gogorarazi du. Sistema judizialak errespetatzen dituela esan du Jose Luis Abalos Sustapen ministroak Aranjuezen (Madril).

Otegi bezalako “terrorista baten aldeko” GEEAren sententzia inoren “gustukoa” izango denik ez du uste Dolors Montserrat PPren Diputatuen Kongresuko bozeramaileak.

“Europako auzitegiek Espainia Europa mailako prozedura estandarrak” betetzen ari ez dela “beste behin esatea Espainiako demokraziarentzako albiste txarra” dela ziurtatu du Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabakiak Otegiren figura “zuritzen” ez duen “prozedura akats” bat duela azpimarratu du Carlos Carrizosa Ciudadanosen Parlamentako bozeramaileak.

GEEAren epaia Estrasburgoko Auzitegiaren Areto Nagusiaren aurrean errekurritzea eskatu dio Dignidad y Justicia elkarteak Exekutibo zentralari, Otegi 2019ko hauteskundeetara ez aurkeztea eragozteko. Era berean, Estatuko Abokatutzaren bidez, sententziari helegitea aurkezteko eskatu dio Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) Pedro Sanchezen Gobernuari.

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren ahotan, Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Rafa Diez, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguezek “ez zuten bidezko epaiketarik izan”. “PP, PSOE eta Ciudadanosen Estatu itunaren zerbitzura dagoen justizia fanatiko baten” isla da ebazpena, Muñozek kritikatu duenez.

Bateragune auzia “basakeria juridiko-politiko” bat izan zela salatu du LAB sindikatuak, “justiziaren kontzeptutik oso urrun”.

Albisteak (2)

Informazio gehiago (1)