Elkarrizketa
Jordi eta Iñigo Lidon: 'Epaiketak zauria ixten lagunduko luke, batez ere amarena'
EiTB.EUS
Jose Maria Lidon epailearen semeek 'utzikeria' salatu dute aitaren hilketa argitzeko orduan. Auzitegi Nazionalak epaiketa aurki abiatzea espero dute.
ETAk Jose Maria Lidon epailea hil zuen 2001ean, Getxon. 17 urte geroago, Auzitegi Nazionalaren "arduragabekeriagatik auzia preskribatzear" egon dela salatu dute Iñigo eta Jordi semeek. "Hori da gehien mintzen gaituena", erantsi dute Radio Euskadin gaur eskainitako elkarrizketa batean.
Atzo, hilketaren urtemugaren harira Bilboko Justizia Jauregian antolatutako omenaldian, lehen aldiz hitza hartu zuten biek, eta han esandakoak berretsi dituzte biharamuneko elkarrizketan. Azaldu dutenez, hilketa ETAren Bizkaia taldeari egotzi zioten hasiera batean. "Garai hartan talde hori ez zegoen jardunean, ez zen hain zaila hilketa talde horri egoztea akatsa zela egiaztatzea", salatu dute. Izan ere, seme biak Google bilatzailean begiratzen ohartu ziren akatsaz.
Hanka sartzeaz jabetuta, "bide estraofizialak" erabili behar izan zituzten auzia berriro irekitzeko. Iñigo Lidon semeak eta Marisa Galarraga emazteak Mikel Garikoitz Aspiazu 'Txeroki' identifikatu zuten atentatuaren egile gisa, baina lehen estradizio eskaera "galdu" egin zela kritikatu dute.
2011n, "auzia ez atzera ez aurrera zegoela ikusita" instrukzioa zeraman epailearekin hitz egin zuen familiak, eta "kontraesanak" zeudela konturatu ziren. "Ate asko jo behar izan ditugu auzia berriro zabaltzeko", deitoratu du Iñigo Lidonek, baina nabarmendu du "jendeak lagundu" egin diela "bai Euskadin bai Madrilen".
Ikerketan izandako "zabarkeria" kritikatu dute, eta Garikoitz Aspiazu Espainiara ekartzeko euroaginduan izandako akatsak aipatu dituzte horren adibide. Espainiaratzea duela hilabete batzuk eskatu zuten, eta erantzunaren zain daude orain. Auzitegi Nazionalean epaiketa egiteko balioko duelakoan daude. "Epaiketak zauria ixten, garai bat amaitzen, eta barrena jaten dizun ezinegona baretzen lagunduko luke. Batez ere amari", nabarmendu dute.
Atzoko ekitaldiaren ostean jende ugari hurbildu zitzaiela aitortu dute biek: "Justiziaren izenean barkamena eskatu ziguten". Jordi Lidonen esanetan, "harrituta zeuden denak, uste baitzuten lankideak modu egokian ari zirela auzia ikertzen".
-------------------------
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.