Itxi

Gure Esku Dago

Katalunia, Eskozia eta Argentinako begiraleak izango dituzte igandeko galdeketek

eitb.eus

Leer en Castellano

Besteak beste, Elisenda Paluzie ANCko presidentea, Marcel Mauri Omniumeko presidenteordea eta Shona McAlpine Independence Conventioneko idazkaria izango dira galdeketetan.

Katalunia, Eskozia eta Argentinako begiraleak, igandeko galdeketetan. Irudia: EiTB

Donostia, Irun, Zalla, Balmaseda eta Alonsotegiko ordezkariek datorren igandeko herri galdeketetan parte hartzeko deialdi bateratua egin dute gaur goizean Irunen. Galdeketa eguneko azken xehetasunen berri ematearekin batera, jakinarazi dute “goi mailako” begiraleak etorriko direla Euskal Herrira, Kataluniatik, Eskoziatik eta Argentinatik, Gure Esku Dago herri plataformak agiri batean azaldu duenez.

“Kanta zaharrak dioen bezala, ura bere bidean doa. Hasieran, ibaia ginen, eta, tantaz tanta, itsaso bihurtu gara. Herritarrok sortutako olatua inork espero ez zuen lekuetara iristen ari da”, adierazi dute Nora Garcia (Donostia) eta Xabier Martinez (Irun) bozeramaileek.

“Orain bost urte, Gure Esku Dago sortu zenean, ezinezkotzat genuena posible egin dugu”, erantsi dute. Datorren igandean, azaroaren 18an, herri galdeketak antolatu ditu Gure Esku Dagok Donostian, Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin.

Herri galdeketek “berme guztiak” izango dituztela goraipatu dute. Batetik, bozka errepikatuak saihestuko dira sistema informatiko baten bidez. Eta bestetik, Berme Batzorde bat osatu da, abokatu, legelari eta politologo talde batekin, protokoloa “zorroztasunez” errespetatzen dela eta galdeketak “berme guztiekin” egiten direla ziurtatzeko.

Era berean, “goi mailako” nazioarteko begiraleak izango dira galdeketa egunean. Kataluniatik: Elisenda Paluzie ANCko presidentea, Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordea, Gabriel Rufian eta Joan Tarda ERCren diputatuak Espainiako Kongresuan, Aurora Madaula Junts Per Cataluñako diputatua Kataluniako Parlamentuan, Aina Delgado CUPeko idazkaritza nazionaleko kidea eta Jaume Lopez Pompeu Fabra Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea.

 

"Prozesu honen ondoren, geure herrietan, ezer ez da bera izango"

 

Eskoziatik, Shona McAlpine Independence Conventioneko idazkari eta nazioarteko ordezkaria etorriko da, eta Argentinatik Julieta Gaztañaga, antropologoa, ikertzailea eta irakaslea.

“Gaur ere borondateak elkartu gaitu, herri izan nahiak. Herri izan nahi dugulako eta herri bezala erabaki nahi dugulako, ez gara ari lanean soilik gure herri eta hiriei begira”, azpimarratu dute.

“Perspektiba zabalarekin eta aurrera begirako ikuspegiarekin kokatzen ditugu gure galdeketak Euskal Herriko mapan. Eta, ziur gaude, urrats esanguratsua izango dela igandekoa; ekarpen garrantzitsua egingo diogula herri honen etorkizuna erabaki ahal izateko elkarrekin egiten ari garen bideari”, nabarmendu dutenez.

Bozeramaileen ahotan, “prozesu honen ondoren, geure herrietan, ezer ez da bera izango. Urteetan iraun duten hamaika horma eraitsi baititugu hilabeteotan, eta beste horrenbeste sasi alboratu. Elkarbizitza praktikara eraman dugu”.

“Ikusi dugu erabakitzeko beharrak batu egiten gaituela, adin, pentsamolde eta jatorri anitzetako herritarrak; eta sentitu dugu batzen gaituen horrek indar handia duela. Hain da handia indar hori, datorren igandean, orotara, 2.000 lagun inguru ariko garela lanean bost herri galdeketak posible egiteko”, gaineratu dute.

Albisteak (3)