Itxi

Adierazpen instituzionala

Jaurlaritzak herritar guztien konpromisoa eskatu du genero indarkeriari aurre egiteko

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzionala onartu du astearte honetan, azaroaren 25ean Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango baita.

Bilbon genero indarkeriaren kontra egindako elkarretaratze bat. Artxiboko argazkia: EFE

Azaroaren 25ean Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da eta, arrazoi horregatik, Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzionala onartu du astearte honetan. Hala, genero indarkeriaren aurrean, “berdintasunean oinarritutako neurri gehiago” bultzatzeko prest agertu da.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazpen hori irakurri du eguerdian, Gobernu bileraren ostean egindako ohiko agerraldian.

Erkorekaren esanetan, “emakumeen aurkako indarkeriarik gabe berdintasunean oinarritutako gizartea lortzeko konpromisoa berretsi du Jaurlaritzak”. Hala, genero indarkeriaren “adierazpen guztien aurkako gaitzespen irmoa” adierazi du.

Jaurlaritzak gogora ekarri duenez, “desberdintasuna da genero indarkeriaren oinarria eta, ondorioz, ezinbestekoa da berdintasunaren alde lan egitea emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko”.

Gauzak horrela, Erkorekak nabarmendu du herritar guztien inplikazioa funtsezkoa dela genero indarkeriari aurre egiteko.

“Jaurlaritzak bai esaten dio Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean beharrezko berdintasun-politikak hartzeari, neska-mutilek estereotipo eta rol sexisten mugarik gabe hazteko eta haien bizitza-proiektuak garatzeko duten eskubideari,  errespetuan oinarritutako harremanak sustatzeari, eta baita herritarrak, eta, bereziki gizonezkoak, berdintasunarekin inplikatzeari ere”, esan du Erkorekak.

Gauzak horrela, genero indarkeria pairatu duten emakumeei babesa ematen dieten profesionalei eskerrak eman dizkie Jaurlaritzak.

Hala, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko gizarte osoaren inplikazioa ezinbestekoa dela azpimarratu du Erkorekak, eta Emakunde bezalako sailekin elkarlanean genero indarkeriaren aurrean emandako aurrerapausoak nabarmendu ditu.

Azkenik, igande honetan, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, toki askotan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

__________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Albisteak (2)

Informazio gehiago (1)