Proposamena
Erorien Haranean ehortzitako euskaldunak Euskal Herriratzea eskatu du Legebiltzarrak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJren, Elkarrekin Podemosen eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bilduren babes partzialarekin onartu dute, besteak beste, "konnotazio frankistak eta erlijiosoak" ezabatzea eskatzen duen zuzenketa.
Eusko Legebiltzarrak Erorien Haranean lurperatuta dauden euskal herritarrei buruzko ikerketa "sakona" eskatu du gaur. Hain zuzen ere, bertan ehortzitako euskaldunak identifikatzea, eta senitartekoek nahi izanez gero eta posible izatekotan, horien gorpuak hobitik atera eta Euskal Herrira ekartzea galdegin dute.
EAJren, Elkarrekin Podemosen eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bilduren babes partzialarekin onartu dute, besteak beste, "konnotazio frankistak eta erlijiosoak" ezabatzea eskatzen duen zuzenketa.
PP abstenitu egin da, eta horixe egin du EH Bilduk ere lehenengo puntuan, ez duelako begi onez ikusi ikerketa hori Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak egitea. Izan ere, EH Bilduren iritziz, ez du biktimenganako "enpatiarik" erakusten, eta Memoria Historikoaren euskal Legerik ez dagoenez, agintarien "nahien araberakoa" da prozesua.
Lehenik eta behin, "bidegabeki" Erorien Haranean lurperatutako "errepublikazaleak, milizianoak, gudariak eta euskal herritarrak" zenbat diren zehaztu beharko du Gogorak. Behin lan hori eginda, hobitik ateratzeko eta Euskal Herriratzeko "gestioak" egin beharko dituzte, "biktimak onartuak izan daitezen".
Ildo horretan, senitartekoek hala eskatuta, gorpuak lurpetik ateratzeko jasotako agindu denak betetzeko exijitu dio Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari.
Horretarako, epailearen baimena lortu behar dute, "biktimei dagozkien eskubideak babeste aldera".
Era berean, Erorien Harana ezin dela Franco diktadorearen omenezko leku bat izan gogorarazi diote legebiltzarkideek Gobernu espainiarrari.
Gaurko bilkuraren ostean, Iñigo Jacak, Erorien Haranean hobiratutako euskaldunen senitartekoen bozeramaileak, "aurrerapausotzat" jo du zuzenketa onartzea.