Itxi

Gernikako Estatutua

Grande-Marlaska, espetxe eskumenaren inguruan: 'Orain ez dago agendan'

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

“Zentzuzko” adostasun bat dagoen eskuduntzen transferentziak lantzearen alde agertu da Barne ministroa, “frustrazioak” saihesteko.

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa Gasteizen. Argazkia: EFE

Nahiz eta Gernikako Autonomia Estatutuak espetxeen kudeaketa Euskadiri transferitu behar zaiola aurreikusi, “orain agendan ez” dagoela adierazi du gaur Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak. “Zentzuzko” adostasun bat dagoen eskuduntzen transferentziak lantzearen alde agertu da, “frustrazioak” saihesteko.

Terrorismoaren Biktimen Memoria Zentroari buruz hitzarmena sinatu du ministroak Gasteizko Udalarekin. Ondoren agerraldia egin du Grande-Marlaskak. Erkidegoan dauden kartzelen antolamenduaren inguruko eskumena Euskadik bereganatzeko aukeraz mintzatu da.

Euskadik “adingabeen babeserako aterpe, espetxe eta birgizarteratze zentroen antolakuntza, erregimena eta funtzionamenduaren” inguruko “eskumen esklusiboa” duela azaltzen du Gernikako Estatutuaren 10. artikuluak.

"Arrazoizko epe eta zentzuzko adostasun batekin egin daitekeenari heldu behar diogu"

Hala ere, transferentzia hori gauzatzea “egun” Gobernu zentralaren “agendan ez” dagoela ziurtatu du ministroak.

Espainiako Gobernuak Euskadiri dagokion eskumena transferitzeko asmorik zergatik ez duen azaltzen saiatu da ministroa. Grande-Marlaskaren ahotan, “gai-zerrendan mahai gainean jarri behar ditugun gauza asko daude”, eta batzuk beste batzuk “baino konplexuagoak” dira.

“Arrazoizko epe eta zentzuzko adostasun batekin egin daitekeenari heldu behar diogu”, esan du ministroak, “frustraziora eraman ditzaketen jarrerak” saihesteko.

Albisteak (3)