Elkarrizketa Radio Euskadin
Batet: 'Transferentzia batzuk eskualdatzeko legea aldatu behar da Kongresuan'
EiTB.EUS
Meritxel Batet Lurralde Politika eta Funtzio Publikorako ministroak aitortu duenez, espetxeen eskuduntza 'agendan' dago, baina ez da eskualdatuko duten lehena izango.
Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak Bilbon egindako bileraren biharamunean, Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin adostutakoak eta bi gobernuen arteko elkarrizketarako borondatea nabarmendu ditu gaur Meritxel Batet Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikorako ministroak.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean iragarri duenez, "2019an ere transferentziak" egongo dira, baina ez du zehaztu zeintzuk eta noiz egingo diren, ezta Gernikako Estatutua noiz beteko den ere. Bateten ahotan, "transferentzia batzuk eskualdatzeko legea aldatu behar da Kongresuan".
"Urtea amaitzerako gutxi gorabeherako egutegi bat izango dugu, eta agiriak elkarrekin trukatu eta negoziatzeko aukera izango dugu", argitu du. Zuhur agertu da ministroa: "Eskuduntza batzuek zailtasun handiak dituzte: legea aldatu behar da. Arazoak sortuko dira kalkulu ekonomiko konplexuak egin behar direlako. Lehentasunak ezarri behar ditugu, eta aurrera egin behar dugu".
Nolanahi ere, orain arteko "dinamika ezkorra" hautsi dutela azpimarratu du Batetek. Zazpi urte transferentziak eskualdatu gabe igaro ostean, Estatua osorik betetzeko urratsak emango dituztela esan du ministroak.
Gizarte Segurantzaren transferentziaz galdetuta, "oso konplexua" dela adierazi du Batetek, eta espetxeen eskuduntza ere epe laburrean eskualdatuko dutela ukatu du: "Luzaroko transferentzia da, ez da erraza. Zerrendan dago, agendan, baina ez da egingo dugun lehena".
Balizko hauteskunde orokor batzuez ere mintzatu da Batet, eta legealdia epe laburrean ez bukatzea espero duela erantsi du, euren "proiektu politikoa epe luzerako" baita.
________________________
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.