Itxi

Profila

Abascal, eskuin muturra politika nazionalera eraman duen PPren ordezkari ohia

EiTB.EUS

Leer en Castellano

Santiago Abascal duela 42 urte jaio zen Bilbon, eta Euskadin bizi izan zen 34 urte bete arte. Orduko helburuak bete ezinda, Araba utzi eta Madrilera joan zen politika egitera.

Santiago Abascal. Argazkia: EFE

Santiago Abascal Conde eta eskuin muturreko VOX alderdia ohiko lerroburu bihurtu dira azkenaldian. Urte gutxiko esperientzia duen alderdia izan arren, badirudi indartsu sartu dela politikan.

Andaluziako hauteskundeek, esaterako, berebiziko protagonismoa eman diote alderdi ultraeskuindar horri, baita Abascali berari ere, nahiz eta haren ibilbideak Euskadin duen jatorria. Izan ere, Bilbon jaio zen 1976an, eta duela zortzi urtera arte Euskadin bizi izan da. 34 urte bete zituenean, baina, une hartan zituen helburu politikoak bete ezinda, Araba utzi eta Madrilera joan zen politika egitera.

Amurrioko familia ezagun batean jaio zen Abascal, eta 18 urterekin ekin zion ibilbide politikoari. Bost urte geroago, Laudioko Udalean PPko zinegotzi hautatu zuten. Politikarekiko lotura, beraz, gaztetatik datorkio, eta Santiago Abascal Escuza Arabako PPko buruzagi ohiaren seme eta Manuel Abascal Pardo Amurrioko alkate ohiaren biloba izateak ere izan du zerikusirik horretan.

Kargu politikoak

1996an, Arabako PPren Lurralde Batzordean sartu zen, eta Batzorde Betearazlearen ordezkari izan zen 1999tik. 2000. urtean, berriz, Euskadiko PPren Belaunaldi Berrien presidente izendatu zuten. Bost urteko tarte horretan, PPren Zuzendaritza Batzorde Nazionaleko kide ere izan zen. Bestalde, 2000tik 2013ra Euskadiko PPren Batzordean hartu zuen parte, eta EAEko PPren Hezkuntza idazkaria izan zen 2005etik aurrera.

Abascalen ibilbide politikoak, hortaz, goranzko joera hartu zuen hasieratik. Aitzitik, 2009an "estualdia" izan zuen, hauteskundeen ondotik, eserlekurik gabe geratu zelako. Maria San Gilen alde agertu zen garai hartan, Euskadiko PPk izan zuen "borrokan". Basagoitik, ordea, indar gehiago lortu zuen orduan, eta eserlekurik gabe geratu ostean, PPtik aldentzen hasi zen Abascal.

Araba utzi eta Madril aldera joan zen. Leku aldaketak, gainera, esperotako fruitua eman zuen. Esperanza Aguirreren aldamenean, Datuen Babeserako Agentziaren presidente izan zen 2010 eta 2012 bitartean.

Erakunde horren itxierak ere, ez zion kalterik egin, ondoren lortu zuen karguan baldintza oso onak baitzituen. Ika-mika tarteko, gizarte-babesletzako fundazio bateko langile bakarra izan zen Abascal.

VOX alderdiaren jaiotza

2013ko azaroan, PP utzi eta eskuin muturreko alderdi politiko berri bat sortu zuen. Horrela, 2014an VOXeko presidente izendatu zuten.

Espainiaren batasuna defendatzea, abortua kasu guztietan errefusatzea, autonomia erkidegoak kentzea, paperik gabeko etorkin denak Estatutik botatzea, familia babestea eta ETArekin ez negoziatzea izan dira Abascalek hasiera batetik izandako helburuetako batzuk.

Pistola darama beti

Iaz egindako elkarrizketa batean Santiago Abascalek berak aitortu zuenez, Smith & Wesson pistola darama beti aldean, armak eramateko lizentzia baitu. Aita babesteko asmoarekin hasi zen kalera pistolarekin ateratzen. Orain, ostera, semeak babestea du xede, horren hitzetan.