Itxi

Cabacas auzia

Jorge Aldekoa Ertzaintzako buruak dimisioa eman du, Cabacas auziagatik

eitb.eus

Leer en Castellano

Iñigo Cabacasen heriotzaren auziko epaiaren inguruan "hausnarketa pertsonal sakona" egin eta gero utzi du kargua.

Jorge Aldekoa Ertzaintzako buru ohia (eskuinean). Argazkia: EFE

Jorge Aldekoa Ertzaintzako buruak dimisioa eman du ostiral honetan, Iñigo Cabacas auziko epaiaren inguruan "hausnarketa pertsonal sakona" egin eta gero.

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bi urteko espetxe zigorra ezarri zion auzipetutako ertzainetako bati, eta lau urtez gaitasungabetu zuen, arduragabekeria profesional larri baten ondorioz izandako homizidio delitua egotzita. Gainera, epaiak erantsi zuen EAEko Polizia autonomikoaren jokaera ez zegoela justifikatuta.

Epaiketan, Aldekoak lekuko gisa deklaratu zuen. Izan ere, Ertzaintzaren pilotakada batek Cabacas jo zuenean, auzipetutako ertzainen unitateko burua eta Bilboko ertzain-etxeko arduraduna zen.

Hori horrela, Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeari igorritako dimisio gutun batean, Aldekoak adierazi du epaiak "esplizituki" aipatzen duela "akatsak, praktika txarrak eta ekintza ezak" eman zirela Ertzaintzaren barruan, "ardura zuzenean inori egotzi" ez badio ere. Hori dela eta, epaileek "Ertzaintzaren antolakuntza eta garai hartako Herrizaingo Sailburua" zalantzan jarri dutela iritzi dio.

Gainera, gogorarazi duenez, gertaerak jazo zirenean, Bilboko Polizia-Etxeko Intendente Burua zen, zenbait hilabete lehenagotik. "Denbora hori, gutxi izan arren, Unitate horretako ertzainen erantzunak moldatzeko aprobetxatu nahi izan nuen, bereziki ordena publikoari zegokionean, behin betikoa izango zen errealitate bati moldatzeko asmoz", dio.

Zentzu horretan, "tamalez, egun horretan gertatutakoak argi utzi zuen gertatutakoaren erantzuleak, zentzu zabalean, izan gintezkeen askotariko aktoreen artean bat ere ez zela aldaketaren bidetik nahiko ibili, guretzat ohikoa zen liskarren errituala errepikatuz, oraingoan, Iñigo Cabacasen heriotza bidegabe eta onartezinaren emaitzarekin".

Azkenik, "nire lan-ibilbide osoan zehar defendatutako balore guztiak helarazi" dizkie herritarrei, "bereziki, Ertzaintzako Burua izendatu nindutenetik, Ertzaintzak ordezkatzen duen segurtasun publikoko zerbitzuarekin konprometituta dauden gizon eta emakume taldearekin batera".

Dimisioaren ostean, Jorge Aldekoa Garciak Ertzaintzako Buru bezala 2014ko abendutik egindako lana eskertu du Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak. "Bere eta alboan izan duen taldearen ekarpena berebizikoa izan da Ertzaintzaren Plan Estrategikoa ezartzeko, polizia-eredu aurreratu baten kudeaketa erreminta bezala, Euskadiko segurtasun publikoaren gaur egungo beharrei egokituta", esan du.

BIDEOA | Goirizelaia: "Guk salatu genuena dimisio honekin berretsi da"

EH Bildu: "Cabacas familiaren garaipena da"

Bestalde, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak esan du Jorge Aldekoaren dimisioa Cabacas-Liceranzu sendiaren lan judizial handiaren eta salaketa sozial zein politikoaren garaipena dela.

Arzuagaren iritzian, "gizartearen erantzunak, herri plataformen salaketak eta familiak epaitegietan eta erakundeetan egin duen lanak" ekarri du Aldekoaren dimisioa.

Nolanahi ere, EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi du "Basauriko gaztearen heriotzaren arduradunak zigorrik gabe" daudela oraindik eta, beraz, ardura guztiak argitu arte lanean jarraitzea ezinbestekoa dela adierazi du.

Ildo horretan, Aldekoak bere erabakia justifikatzeko erabili dituen argudioak kritikatu ditu Arzuagak. "Iñigo Cabacasen auzian ezin da akats batez edo praktika txarrez bakarrik hitz egin, Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzaren beraren eskema arduradunak estaltzea eta zigorgabetasuna bilatzea izan delako, eta Aldekoaren dimisioa iritsi da, hain justu, tribunal batek horixe salatu duenean", azpimarratu du ohar batean.

Albisteak (2)