Itxi

Katalunia

Turull erizaindegira eraman behar izan dute, 13 egun gose-greban eman ondoren

Agentziak | Erredakzioa

Kontseilari ohia Lledoners espetxeko erizaindegian dago, bertan osasun-langileek artatzeko, baina elikatzen hastea ez da espero.

Jordi Turull kontseilari ohi eta JxCateko diputatua. Artxiboko argazkia: EFE

Jordi Turull kontseilari ohi eta JxCateko diputatua Lledoners kartzelako erizaindegira eraman behar izan dute, medikuek eskatuta; izan ere, politikari presoaren osasun egoerak okerrera egin du 13 egun gose-greban eman ondoren.

Espetxeko iturriek jakitera eman dutenez, kontseilari ohia Lledoners espetxeko erizaindegian dago, bertan osasun-langileek artatzeko, baina elikatzen hastea ez da espero.

Kontseilari ohiaren osasunak are gehiago okerrera egiten baldin badu, Terrassako (Bartzelona) espetxe ospitalera eramango lukete.

Jaume Padros Bartzelonako Medikuen Elkargoko presidente eta Turullen mediku pertsonalak Twitter sare sozialean zehaztu duenez, gose-greban diren buruzagi independentistak “egonkor” daude.

Hala ere, “igarotako denbora eta egoera indibiduala kontutan hartuta, Jordi Turull Lledoners kartzelako erizaindegira eramatea gomendagarria da orain”, erantsi du Padrosek.

 

 

Albisteak (3)