ALDEKOAREN DIMISIOA
EAJk eskertu egin dio Aldekoari dimisioa eta EH Bilduk ondorio gehiago eskatu ditu
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Cabacasen auziko epaiaren inguruan "hausnarketa pertsonal sakona" egin eta gero utzi du kargua Ertzaintzaren buruak. Gai hau hizpide izan dute gaur Radio Euskadiko tertulia politikoan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jorge Aldekoa Garcia Ertzaintzako Buruzagiak atzo, ostirala, bere dimisioa aurkeztu zuen, Iñigo Cabacasen heriotzaren auziko epaiaren inguruan "hausnarketa pertsonal sakona" egin eta gero. Eta horixe izan dute, hain zuzen ere, gaur hizpide euskal politikariek, Radio Euskadiko 'Parlamento en las Ondas' tartean.
Josune Gorospe EAJko parlamentarioaren iritziz, "eskertzekoa eta aitortzekoa den erabaki horrekin, Ertzaintzarekin duen konpromisoa argi uzten du Aldekoak". Gorosperen hitzetan, Aldekoa Ertzaintzaren eta segurtasun publikoaren arloan "jakintza handiko" profesionala da eta bere ekarpena "oinarrizkoa izan da Ertzaintzaren plan estrategikoa ezartzeko". Hartutako erabakiarekin bere burua "goratu" duela uste du Gorospek.
EH Bilduko Iker Casanova legebiltzarkideak ez du horrelakorik uste. Radio Euskadin nabarmendu nahi izan du dimisio hau ez litzatekeela "inoiz gertatu behar", "Iñigo Cabacasen heriotza gertatu zen operatiboan nahastuta egon ondoren, Aldekoa ez baitzuten kargu horretarako hautatu behar".
Hala, Ertzaintzako buruaren dimisioa "Cabacasen familiaren garaipena" izan dela uste du Casanovak, "horien eta euren talde juridikoaren irmotasunari esker lortu da gai hau mahai gainean egotea, borroka handi bati esker". Dena dela, Aldekoak ez duela "ardura politikoa onartzen duen azken pertsona" izan behar ere gehitu du.
Los que durante años han eludido pedir responsabilidades por el caso #Cabacas ahora aplauden el cese de Aldekoa.
— Unai Urruzuno (@uurruzuno) 15 de diciembre de 2018
Cinismo no, lo siguiente.
Julen Bollain Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidearen iritziz ere, "injustizia handia gertatu da kasu honetan, arduradun politiko nagusiak ez baitziren akusatuen aulkian eseri". Bollainek esan du epaiak argi utzi duela "dispositibo poliziala irregulartasunez betea" izan zela, eta Gobernua "urrun eta zabar" portatu zela familiarekin.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak gogorarazi nahi izan du Aldekoak idatzi duen gutunean "gertatu zenaren errudun sentitzen dela" aitortzen duela "arduraren zati bat bere gain" hartzen duela eta dimisioa ematen duela. "Errespetuz hartu beharra dago erabaki hori, eta balioa eman keinu horri. Zigortuak zigortu, badira epaian Aldekoak zuzenean beretzat hartu dituen hainbat baieztapen eta horregatik hartu du erabakia".
Anton Damborenean PPko legebiltzarreko kideari ere ondo iruditzen zaio Aldekoaren dimisioa: "bera baitzen egun hartan Ertzaintzaren arduraduna Bilbon".