Itxi

EiTB-ren inkesta

Francoren gorpuzkiek Erorien Haranetik at beharko lukete, herritarren erdiaren ustez

EITB.EUS

Leer en Castellano

Gaurkotasun politikoko gaien inguruan galdetu diete oraingo honetan inkestatuei.

Galdetutakoen erdiaren arabera, hilerri pribatu batean beharko lukete Francoren gorpuzkiak.

Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiekin zer egin behar den puri-purian dagoen honetan, horren inguruan duten iritziari buruz galdetu die herritarrei EiTB Focus inkestak. Biztanleriaren erdiak uste du ez liratekeela Erorien Haranean egon behar. Zehatz esanda, % 30en iritziz, hilerri edo panteoi pribatu batean egon beharko lukete; % 24k ehortzi gabe uztearen alde egin dute.

EiTB Focusen 11. inkesta azaroaren 23tik abenduaren 3ra egin zuten EAEko eta Nafarroako 2.400 biztanleren artean. Ostegunean kaleratu ziren lehendabiziko datuak: Nafarroako foru eta Iruñeko udal hauteskundeei buruzkoak. Igandean, berriz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru hauteskundeen eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udal bozen ingurukoak ezagutarazi ziren.

Espainiako Gobernuaren aurrekontuez ere itaundu diete herritarrei. EAJk Sanchezen Gobernuaren aurrekontuak babestearen alde agertu dira galdetutakoen % 52,8; horietatik % 17,6  "erabat ados" daude.

Aurrekontuak onartzeko babes nahikorik ez balu, Sanchezek hauteskundeak aurreratu beharko lituzkeen itaunduta, baietzaren alde egin du gehiengoak:

Bozak aurreratuta, maiatzaren 26ko data egoki ikusten al duten galdetu diete herritarrei. Egun horretan Europako zein udal eta foru hauteskundeak egingo dira. Bat egite hori Euskadirentzat ona ote litzatekeen itaunduta, % 42k uste dute txarra litzatekeela, nahasgarria delako. % 28,2ren aburuz, berriz, ona litzateke, denak batera egiteko.

Azkenik, Euskadirako estatutu berria hizpide hartu du inkestak. EAJren eta EH Bilduren arteko akordioa estatus berri bat sortzeko nahikoa ote den galdetuta, % 64,6k uste dute gehiengo zabalago bat beharko litzatekeela.

Fitxa teknikoa

EAE eta NAFARROAN bizi diren 2.400 pertsona (400 Gasteizen eta 150 Arabaren gainerakoan; 400 Bilbon eta 200 Bizkaiaren gainerakoan; 400 Donostian eta 200 Gipuzkoaren gainerakoan; 400 Iruñean eta 250 Nafarroaren gainerakoan).

La= ± % 2,00, konfiantza-maila: % 95, p=q=0´5, datu orokorretarako, ±% 2,34 EAEko datuetarako, ±% 4,00 Nafarroako datuetarako, ±% 4,18 Arabako datuetarako, ±% 4,00 Bizkaiko datuetarako, ±%4,00 Gipuzkoako datuetarako, ±% 4,89 Iruñeko datuetarako, ±% 4,89 Gasteizko datuetarako, ±% 4,89 Bilboko datuetarako eta ±% 4,89 Donostiako datuetarako.

Lurralde historiko, udalerri, sexua eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina.

Inkesten % 18,2 euskaraz egin dira eta gainerako % 81,8a gazteleraz.

Inkesta egindako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak.

Landa-lana 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra burutu zen telefono bidezko elkarrizketa bitartez. Inkesten batez besteko iraupena 6,09 minutu motzenak eta luzeenak 15 minutu iraun dutelarik.

Albisteak (3)

Informazio gehiago (1)