Itxi

Elkarrizketa

Beltran de Heredia: 'Ez dut dimisioa emateko arrazoirik ikusten'

eitb.eus | Radio Euskadi

Leer en Castellano

Jorge Aldekoa Ertzaintzako buruaren dimisioaren harira, "erabaki pertsonala" izan dela azaldu Segurtasun sailburuak, eta ez du baztertu kargu hori kendu ahal izateko aukera.

Estefania Beltran de Heredia. Argazkia: ETBko bideo batetik ateratako argazkia

Justizia Iñigorentzat plataformak deituta asteburuan egindako manifestazioan, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren dimisioa eskatu zuten, baina sailburuak gaur azaldu duenez, "ez dut dimisioa emateko arrazoirik ikusten". Hala ere, Iñigo Cabacasen auziaren epaiak jasotzen duen bezala, Athleticeko zalearen heriotza argitzeko ikerketan "gauzak ez ziren ondo egin". "Epaiaren arabera, heriotzaren ondorengo ikerketa ez zen egokia izan; hori dela eta, aldaketak egin dira argibideak bideratzeko", esan du.

Hala ere, EH Bilduk Cabacas auzia bere aldarrikapenetarako "erabili izan du", deitoratu du sailburuak, "manifestazioaren antzean eta hedabideei adierazpenak egiten nor zegoen ikusi dut eta". Ildo horretan, "Ertzaintzaren eta polizia ereduaren aurka egiteko erabili dute zorigaiztoko gertakaria", gaineratu du.

Jorge Aldekoa Ertzaintzako buruaren eta istiluak gertatu zirenean Deustuko polizia-etxeko buruaren dimisioaren harira, "erabaki pertsonala" izan dela azaldu du Beltran de Herediak: "Epaileak Aldekoari zigorrik ezarri ez arren, gauzak ondo egin ez zirela jasotzen du epaiak, eta bere gain hartu du horren erantzukizuna". Bestalde, Aldekoaren ordezkapenaren harira, oraindik ez dutela erabakirik hartu argitu du sailburuak, "ez baita beharrezkoa berehala ordezkatzea". Ildo horretan, Beltran de Herediak ez du baztertu kargu hori Ertzaintzaren organigramatik kentzeko aukera, orain dela urte batzuk gertatu zen bezala.

Bestalde, Beltran de Herediak goraipatu egin du Ertzaintzak berehalako jazarpenak egiteko aukera izatea aurrerantzean, Espainiako Gobernuarekin adostu duten bezala. "Data zehaztea baino ez da falta horretarako", horren hitzetan.

Albisteak (2)