Estatus politiko berria
'Demokrazia Bai'k eskumen guztiak aitortuko dituen estatus politikoa aldarrikatu du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ekimenaren sustatzaileek bere proposamena azaldu eta estatus politiko berriaren aldeko atxikimenduak bilduko dituztela iragarri dute.
'Demokrazia Bai' plataformak Euskal Herriari botere guztia aitortuko dion estatus politiko berria aldarrikatu du. Joan den apirilaren 13an egin zuen bere aurkezpen ofiziala eta gaur, Donostian, agerraldia egin dute beren proposamen politikoaren xehetasunak azaltzeko.
Manifestu hori esparru ezberdinetako 90 pertsona ezagunek sinatu dutela jakinarazi dute. Ekitaldian, besteak beste, ondoko hauek izan dira: Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Rafa Diez Usabiaga eta Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusi ohiak, Itziar Aizpurua ezker abertzaleko buruzagi historikoa, Xabier Ezeizabarrena EAJren batzarkidea, Javier Madrazo Ezker Batuko buruzagi ohia eta Jesus Mari Zamora futbol jokalari ohia.
Carlos Garaikoetxea lehendakaria ezin izan da bertan izan, baina mezu bat igorri du bideo bidez. Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidentearen mezua ere jarri dute ekitaldian.
"Norbere buruari inolako mugarik gabe aurrea egiteko" deia egin dio Torrak Euskal Herrari. "Estatu espainiarraren inboluzio antidemokratikoaren eta eskuin muturraren hazkundearen aurrean, euskal gizarteak erabakitzeko eskubidearen aldeko estrategia transbertsala abian jartzeko aukera baliatu behar du; eskubideak izateko eskubidea duzue, eta bide horretan gehiengo soziala eta instituzionala lor dezakezue", azpimarratu du Torrak.
Bestalde, Xabier Oleaga 'Demokrazia Bai' plataformaren bozeramaileak jakinarazi du estatus politiko berriaren aldeko atxikimenduak bilatzeko kanpaina jarriko dutela abian datozen asteetan. Helburua mila pertsona ezagunen babesa lortzea izango da, eta otsailean "ekitaldi jendetsua" egingo dute.
Estatus politiko berriaren aldeko manifestuan, Euskal Herria nazioa dela eta, ondorioz, eskumen eta botere guztiak euskal herritarren eskura egon behar direla defendatzen da. Herri eredu propioa sortzea aldarrikatzen du, aberastasuna banatzeko, genero berdintasuna bermatzeko, euskara aitortzeko eta sistema judizial propioa eta unibertsitate propioa eraikitzeko.
Halaber, estatus politiko horrek erabakitzeko eskubidea aitortu behar duela azpimarratzen dute. "Galdeketak eta erreferendumak antolatzeko eskumen guztia izan behar dute euskal erakundeek", diote manifestuan.
Estatu espainiarrarekiko harremanari dagokionez, "aldaketa sakona" eskatzen dute, eta horretarako Espainiaren lurralde antolaketa aldatu egin behar dela uste dute, "Estatu plurinazionala bilakatuz, federala edo konfederala".
Bestalde, EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak adostutako oinarriak eta Nafarroako Gobernuak egindako aldarrikapenak positibotzat jo dituzte. "Atxikimenduak biltzeko garai da, eduki horiek gauzatu ahal izateko", nabarmendu dute.