Altsasuko auzia
Auzitegi Nazionalak urtarrilean berrikusiko du Altsasuko gazteen aurkako epaia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Epaia aztertu behar duten hiru magistratuetako bik Guardia Zibilaren domina jaso zuten. Defentsek epaimahaia aldatzea eskatu zuten, eta gazte zigortuei isuna jarri diete eskaera hori egitegatik.
Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak urtarrilean berrikusiko du Altsasuko auziaren epaia. Bi eta hamahiru urte arteko kartzela-zigorrak ezarri zizkieten zortzi akusatuei, 2016ko urrian bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako liskarragatik.
Auzitegiak gaur jakinarazi duenez, urtarrilaren 14an, 15ean eta 16an hiruna saio egingo dituzte Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen (Madril) duen egoitzan, ebazpena aztertzeko.
Atzo, Auzitegi Nazionalak atzera bota zituen Altsasuko gazteen defentsek epaimahaia aldatzeko egin zuten eskaera, eta auzipetuei 600 euroko isunak jarri zizkien, errefusatze eskaera hori "fede txarrez" egin zutela argudiatuta.
Altsasuko auziaren epaia berrikusiko duen epaimahaia Jose Ramon Navarro, Enrique Lopez eta Eloy Velasco magistratuek osatzen dute. Defentsek inpartzialtasuna bermatuta ez dagoela salatu zuten; izan ere, Navarrok eta Lopezek Guardia Zibilaren dominak jaso dituzte, eta Velascok Coviteren biltzarrean parte hartu zuen. Biktimen elkarte hori Altsasuko auzian aldeetako bat da.