KATALUNIA
Kataluniako presidente ohiek gose greba bertan behera uzteko eskatu diete presoei
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kataluniako presidente ohiez gain (Pujol, Maragall, Montilla, Mas eta Puigdemont), Kataluniako Parlamentuko presidente ohiek eta sindikoak ere gose grebarekin amaitzea eskatu dute idatzi baten bidez.
Katalunian, Generalitateko bost presidente ohik, Parlamentuko lau presidente ohik eta egungo sindikoak adierazpen bateratua argitaratu dute ostegun honetan, gose greba egiten ari diren lau preso independentistei (Josep Rull, Joaquim Forn, Jordi Sanchez eta Jordi Turull) protesta bertan behera uztea eskatzeko.
Sinatzaileen artean daude Jordi Pujol, Pasqual Maragall, Jose Montilla, Artus Mas eta Carles Puigdemont, Generalitateko presidente ohiak; Joan Rigol, Ernest Benach, Nuria de Gispert eta Carme Forcadell, Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak, eta Rafael Ribo herriaren defendatzailea.
"Une honetan, bizitzarako eta osasunerako eskubidea babestu eta beren kontrako auzian gaitasun osoz aritzea bermatu behar dira", adierazi dute.
Testua sinatu dutenen esanetan, gose grebak "ikusgarritasuna eman dio beren egoera prozesalari eta kontzientziak astindu ditu nazio mailan eta nazioartean".
Jordi Sanchez eta Jordi Turullek abenduaren 1ean abiatu zuten gose greba (19 egun), eta Josep Rullek eta Joaquim Fornek, abenduaren 4an (16 egun).